argia.eus
INPRIMATU
“Herriko” ogia martxan, Ipar Euskal Herrian erabat sustraitutako proiektua
  • Herriko ogia saltzen dute Ipar Euskal Herrian duela bi astetik. Erabat bertako produktu eta metodoez ekoitzitako ogia da: garitik hasita, errotetatik igaroz eta okindegietako labeetaraino.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko maiatzaren 07a
Herriko ogia aurkeztu zutenean (argazkia: kazeta.info)

Guztira Amikuze eskualdeko hamar nekazari daude proiektuan sartuta. Felix Noblia Burgue-Erreitiko nekazariak (Nafarroa Beherea) Berria egunkariari adierazi dionez, beste hainbat nekazari begira dituzte dagoeneko, proiektuan sartu ala ez erabakitzeko.

Herriko ogia ekoiztearen abantailak azaldu ditu Nobliak artikuluan. Hark dioenez, duela hainbat urtetik artoak hasierako garia ordezkatu du ogiaren ekoizpenean. Kazeta.infok argitaratutako artikuluak dioenez, Euskal Herrian duela 40 urtetik ez da garia lantzen ogia egiteko. Ondorioz, gari egokia lortzeko jakintza desagertu dela ohartarazi dute, eta horrekin batera, gariak zekartzan zenbait onura (ur gutxiago behar duela, besteak beste). Herriko ogiaren proiektua gariaren ekoizpena berreskuratzeko asmoarekin sortu da.

Gastuak garia erabiliz txikiagoak direla ere argudiatu du Nobliak bestalde. “Artoak behar dituen ongailuen erdia behar du gariak”, dio Berrian.

Gariak hezetasunarekin eduki ohi dituen arazoak saihesteko, erresistentzia handiko mota aukeratu dutela dio nekazariak: Apache izena du, eta ez da Euskal Herrikoa. Alde horretatik, momentuz eraginkortasuna gainjarri diote etxekotasunari. Gerora, Euskal Herrian ekoiztutako garia erabiltzeko asmoa dute.

Gaur egun 200 tona gari ekoizten dira Herriko ogiarentzat. Arki errotako arduradun Nicole Auroy-Radulovicek Garan esan zuenez, 2.000 tonara iritsi nahi dute.

Oraingoz, bi errota ari dira proiektuan lanean. Okinei dagokienez, Mauletik Donibane Lohizunera 21 okinek saltzen dute oraingoz. Horietako batek, François Devant baionarrak, Herriko ogiak segurtatzen duen gardentasuna azpimarratzen du, irina beste irinekin ez delako nahasten, besteak beste. Prezio aldetik, okin bakoitzak finkatzen du ogi barra bakoitzaren prezioa.

Proiektuarekin Ipar Euskal Herriko ekonomia lokala eta ogiaren ekoizpen tradizionala bultzatu nahi dituzte.