2011n abiatu zuten Lekorneko Garroko Etxaldean laborantza biologikoko proiektua: “Lurrak Herriko Etxearenak ziren, eta bertako eta Herri Elkargoko hautetsiek sortu zuten proiektua”, azaldu du Argitxu Ithourria kideak. Laborantza biologikoa bultzatzeko helburuz abiatu zuten, eta herriko eta hurbileko 85 bat bazkide dira egun etxaldea kudeatzen duen kooperatibako kide. Egunerokotasunean, bost lagun ari dira lanean. Barazkiak ekoitzi eta hurbilean saltzen dituzte, familia, jantoki eta jatetxeei. Herriko Etxearekin egina duten hitzarmenaren bidez, herriaren lurrak erabiltzeko aukera dute laborariek.
40 baratzekari inguru ekoizten dituzte gaur egun Garroko Etxaldean, kanpoko baratzeetan eta negutegietan: “Negutegiak ez dira berotuak, dena den”, adierazi du ekoizleak. 9 hektareako lursaila ustiatzen dute eredu biologikoan. Baratzeaz gain, 2018an fruta-arbola eremu bat ere landatu zuten etxaldean, sagar eta udareak batik bat. Eta 2020an, baratzerako landare txikiak ekoizteari ekin zioten, autonomia garatzeko asmoz: “Lehenago, hemengo landare ekoizle batek egiten zizkigun, baina hori bukatu zen, eta pentsatu genuen geu hastea gure landare ttipien egiten”. Haientzat ez ezik, inguruko beste sei etxalderentzat ere ekoizten dituzte landareak egun.
Garroko Etxaldeko kideek zuzenean saltzen dituzte haien barazkiak, azoken eta saskien bidez, baina baita etxaldean bertan martxan duten baratzekari banaketa tresna automatikoaren bidez ere. “Frantzian aski garatuta dago salmenta modu hori: makina bat da, kutxa batzuekin, eta kontsumitzaileak erosi nahi dituen barazkiak hautatzen ditu, txartelarekin ordaintzen du eta kutxak irekitzen dira”, azaldu du. Bestetik, duela urte pare bat sortu zuten Iparlab banaketa proiektuaren bidez ere saltzen diete produktua kantinei eta bestelako jantokiei.
Atzera begira jarrita, proiektuaren balorazio positiboa egin du Ithourriak: “Hemen ere badira erosketak egitera superrera doazenak, baina, orokorrean, bertakoa eta biologikoa erosteko ohitura ontsa sartuta dago jendeen bizian”. Baina, laborarien lanbideari dagokionez, kezka sumatzen zaio Ithourriari: “Gure lanbidea geroz eta zailagoa da: klima aldatzen ari da, eritasun gehiago daude, idorte gehiago… gauza bera ekoizteko diru gehiago behar da egun, eta, aurrera begira, uste dut teknikoago bilakatuko dela laborantza”.