argia.eus
INPRIMATU
Berastegi
Herriko artzaintzari eta ondareari duen balioa emateko lanean
  • Tokiko garapenari begirako dinamika desberdinak abiatu ditu azken urteotan Berastegiko Udalak, herritarrekin elkarlanean. 2019an "Berastegi, herri kuttuna" marka sortu zuten, baina marka hutsean gelditzerik ez zuten nahi, eta dinamikari jarraipena eman eta lanketa zehatzak abiatu dituzte orain hiru alorretan: herriko artzaintzaren eta gaztaren kulturan, bertako produktuenean eta herriko ondareari lotutakoan. “2019an proiektua abiatu genuenean, Josu Ozaita antropologoaren eskaintza jaso genuen, bertako artzaintzaren inguruko azterlan bat egiteko, potentzialitatea ikusten ziolako”, azaldu du Amaia Azkue Eizagirre alkateak. Eskaintza onartu eta lanari ekin zioten.

Garazi Zabaleta 2021eko uztailaren 08a

Berastegik artzaintzarekin eta gaztarekin historikoki eta gaur egun duen lotura jasotzea da lehen lan-ildoaren helburuetako bat. Horretarako, herriko egungo artzainekin eta adineko jendearekin elkarrizketak egin dituzte, haien testigantzak biltzeko. “Dokumentatzeko helburuarekin hasi ginen, baina ikusi dugu gaiak askorako ematen duela, eta azkenean, bildutakoa liburu batean jasotzea erabaki dugu”, dio Azkuek. Udazkenera begira aurreikusten dute lana argitaratzea; momentuz, landa-lana egina dute eta zuzenketa prozesuan ari dira Ozaitaren eta Zura komunikazio taldearen laguntzarekin. Iraganera begiratzeaz gain, gaurko errealitateari arreta jartzea eta etorkizunera begirako hausnarketa bultzatzea ere izanen da liburuaren helburua.

Artzaintza eredu txikia da Berastegin nagusi, kasu gehienetan osagarria dena. “Gehienak afizioz ari dira gaur egun, baina azterketan ikusi dugunez, zenbatzea oso zaila izan arren, ekonomian eragin handia du”, dio alkateak. Gainera, artzainek herritarrei eskaintzen dizkieten elikagaiez gain, larreak eta paisaiak txukun mantentzeko egiten duten lanari ere garrantzia eman nahi izan diote. Behin liburua argitaratzean, artzain-mahaia sortzea izanen da hurrengo pausoa. “Herriko artzainek osatutako taldea izanen da, haiek erabakitzeko alor horretan zein bide hartu eta zein pauso emanen ditugun Berastegin”.

Bertako produktuak eta herriko ondarea

Artzaintzarenarekin batera, bertako produktuak eta herriko ondarea dira tokiko garapenaren inguruan esku artean dituzten beste bi lan-ildoak. “Herriko ekoizleekin biltzea eta horiek entzutea izanen da lehen lana”, dio Azkuek. Tokiko produktuen inguruan lanketa konkretuak abiatzeko ezinbestekoa zaie lehenik herrian zer ekoizten den, nola eta zenbat jakitea, eta momentuz horretan ari dira. Datu bilketa hori egin ondoren, lan-orri bat osatuko dute. “Eskolako jangela proiektuarekin ere bagabiltza, horretara bideratzeko lokala badugu, baina noski, lehenago zein aukera ditugun aztertu beharra dugu”, gehitu du.

Azkenik, herriko ondareari garrantzia emateko ekimenen artean, hiru ibilbide markatu eta homologatu dituzte azken hilabeteotan, eta aurrera begira gazta-tertuliak egitea dute asmo: world-cafe-ren egokitzapena litzateke, herriko ondarearen inguruan hausnarketa talde bat sortu eta dinamika bat abiatzeko.