argia.eus
INPRIMATU
Herrika, Korrikaren ordezko lasterketa Ozaze eta Ortzaize artean
  • Gazte euskaltzaleen talde batek antolatutako ekimena da Herrika. Igandean, ehunka lagun bildu ditu Ipar Euskal Herrian.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko ekainaren 14a
Argazkia: @guerebai

Korrika bigarren aldiz geratu da bertan behera, osasun egoera dela-eta. Horren aurrean, euskaltzale gazteen talde batek ordezko gisa antolatutako ekimena da Herrika. Igandean egin da lasterketa, eta ehunka lagunek hartu dute parte. Hogei herri ezberdinetatik igaro dira: Ozazen (Zuberoa) hasi eta Ortzaizen (Nafarroa Beherea) bukatu dute ibilbidea. 

Goizeko zazpietan irten dira parte hartzaileak Ozazeko plazatik. Zuberoako eta Behe Nafarroako hainbat herritik igaro dira —Donibane Garazi eta Baigorri kasu—, eta arratsaldean Ortzaizen bukatu dute bidea. Ekitaldi berezia antolatu dute bertan: Zuberoako dantzari talde batek dantzaldia egin du, eta, musika emanaldiaz gain, Maddi Sarasua eta Elixabet Etxandi bertsolariak aritu dira bertsotan. Bukatzeko, idatzi bat irakurri dute euskara bultzatzeko egiten diren ekitaldien garrantzia nabarmenduz. Antolatzaileak euskaltzale gazteak diren aldetik, gazteenei zuzendu zaie euskararen aldeko lanean aurreko belaunaldien jardunarekin segitzeko mezua.

AEKri finantzazioa

Xiberoko Botzak eta Kazeta.eus hedabideek azaldu dutenez, Herrikan ez da Korrikaren logika bera jarraitu, ez baitira ibilbideko kilometroak saldu. Halere, kamisetak jarri dituzte salgai: hilaren 9a eta 12a bitartean aurretiko salmenta egin dute Garazi, Ortzaize eta Mauleko ikastoletan, eta lasterketa baino lehen ere banatu dituzte jantziak. Salmentetatik lortutako dirua AEKri emango diote.