argia.eus
INPRIMATU
Herriguneak museo eta bizilekuak zementuzko kaiola diren turismo eredurik ez: gure bailara bizitzeko da
  • Akanpadak dagoeneko bosgarren eguna, esku bete lan izan dugu: Goizetik guardia zibilak inguruan bueltaka eduki baditugu ere, eguerditik aitzin iritsi da momentu kritikoena. Langileak eskoltatuak etorri dira eta presentzia poliziala areagotuz joan da. Presentzia poliziala geroz eta handiagoa da, baina bagoaz aitzin. Bertze behin herritarrak elkartu eta Aroztegiko proiektu urbanistikoa babesten duten horiei erran diegu ezetz: hau gure lurra dela, eta haiek zaintzen ez badute, guk egingo dugula.

Aroztak herri-ekimena 2021eko apirilaren 21

Baina nola ez, komunikabideetan entzun ditugu makro proiektu honen alde daudenen erranak. Herritarrek bertan lana behar dutela aipatzen dute eta guk erantzuten diegu: herrian lana nahi dugu bai, baina baliabide naturalak suntsitzen dituen proiektu baten mende egon gabe. Lortu daiteke eta lortuko dugu. Lan egiteko erak daude, eta guk herriarentzat eta gure herria errespetatzen dutenentzat egin nahi dugu lan.

Baina erraza da lana bezalako gaiekin ahoa betetzea. Baztango gabeziez hitz egin nahi duzue? Ados, orduan entzun guk, herritarrok, erraten duguna. Baztanen bizitzeko, lehenik eta behin, gure eskura dauden etxebizitzak behar ditugu. Baztanen ditugun etxeen artean %36 etxe hutsak edo bigarren etxebizitzak dira. Beraz, ez, ez dugu etxe gehiagoren beharrik. Alokairu duinak behar ditugu eta etxeak zahar berritzeko diru laguntzak. Non daude horiek?

Baztango etxeen %22a hutsik daude, bertan egon zaretenek ikusiko zenuten bezala, bertako etxeak handiak dira eta zahar berritze prozesua ekonomikoki ordainezina da Nafarroako Gobernuaren diru laguntzarik gabe. Bigarren etxebizitzen zenbatekoa berriz, %14koa da eta hona hemen paradigma: baztandarrek hala ere, ez daukagu non alokatu, edo non bizi.

Baztan mimoz eta izerdiz eraikitako bailara dugu, herritik eta herriarentzat eraikia. Horregatik dira ederrak gure xokoak, bereziak gure herriak. Baina ez dugu Europan gertatzen ari den turismo ereduaren konplize izan nahi. Eredu bat zeinetan herriguneak museo bihurtzen diren eta bizilekuak berriz zementuzko kaiolak. Gure bailara bizitzeko da. Natura zaintzen ez badugu, gure ekosistemari halako erasoak egiten uzten badiegu eta gure herria bortizki eraldatzen badute, mutu utzi duten herri baten erretratua bertzerik ez gara izango.

Baztandarrek ez dugu etsiko. Egunetik egunera hurbiltzen ari zareten guztiek bezala, badakigulako hitza herritarrena izan behar dela, kapitalarena beharrean. Ulertzen ez duzuen bitartean, borrokan segituko dugu. Zuena da poliziaren babesa, zenbait aberatsena ere, baina arrazoia eta herriaren elkartasuna gurea da! Beraz segi adi, proiektua gelditu arte, inork ez baikaitu geldituko.