argia.eus
INPRIMATU
Herrigintzaz gogoetatuko du Sortuk larunbatean Plaza Hutsa egitasmoaren barruan
  • Ezker Abertzaleko militantzia batzeko asmoa dute, herrigintzaren inguruan gogoeta egin eta aurrez ezarritako sei eremu estrategikoen helburuak finkatzeko.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko otsailaren 03a
2019ko Plaza Hutsa ekimena, Durangon (Argazkia: Sortu)

Sortuk Plaza Hutsa ekimena antolatu du hirugarrenez, hiru urteko etenaren ondoren, Burlatan (Nafarroa). Alderdiak sei eremu estrategiko ditu aurrez finkatuak: feminismoa, euskara, lan eta bizi baldintzak, hezkuntza, ekologismoa eta migrazioa. Esparru horietan lanean diharduten militanteak elkartu nahi ditu egitasmoak. Hitzaldi batekin hasiko dute eguna 9:00etan Burlatako kultur etxean, eta ondoren sei tailer izango dira aldi berean, arlo bakoitzari lotutako bana.

Herrigintzaren aro berri baten beharraz hitz egin du Lur Albizu Nafarroako Sortuko koordinatzaileak Berriak eginiko elkarrizketan. "Herrigintza asko egin da Euskal Herrian, eta egiten da. Erronka da nola lotu nazio proiektua oraingo borrokekin". Gaur egun "ahultze komunitario" bat identifikatzen dute. Honen aurrean, herrigintzak eremu batzuetan bultzada handia behar duela dio, "joera hori aldatzeko eta anbizio politikoa igotzeko". Albizuk azaldu du Sortuk bere bidean estrategia independentista eta herrigintza lotzen dituela,

Bagira

Bide beretik, mugimendu abertzalearen 60 urteko ibilbidearen inguruan hitz egingo dute larunbatean Itsasun. Bagira prozesua abenduaren 14an aurkeztu zuten, Euskal Herriko mugimendu abertzalea "eguneratzeko" helburuarekin. Transmisio historikoaren etaparekin hasiko dute prozesua otsailaren 4an, eta zenbait garairen inguruko lekukotasunak emango dituzte 24 pertsona erreferentek. Apirilaren 8 eta 9ra arte luzatuko dute historiaren kontakizunaren etapa.