Herrigintzaz aritu dira Sortuk antolatutako Plaza Hutsa ekimenean asteburuan, Burlatan
Sortuk antolatutako Plaza Hutsa ekimenean 350 bildu dira asteburuan Burlatan (Nafarroa). Alderdiak adierazi duenez, Sorturen "urteko momentu nagusietako bat" da espazio hori Nazio Konferentziarekin batera, eta aurtengoan "herrigintza aro berri bat eremuz eremu hauspotzeko oinarria" jarri du.
Goizeko lehen hitzaldian herrigintza hauspotzeaz aritu dira, Kizkitza Gil de San Vicente eta Xabi Iraola Sorturen Nazio Kontseiluko kideen eskutik. Ondoren, Sorturen sei eremu estrategikoen inguruko tailerrak egin dituzte: hezkuntza, migrazioa, euskara, feminismoa, ekologismoa eta pobrezia eta bazterketa soziala.
Irakasleak, mugimendu ekologistako kideak, euskara elkarteetako militanteak, harrera sareetako kideak eta eremu akademikoko jendea bildu ditu ekimenak, besteak beste. Lur Albizu Sorturen Nafarroako arduradun politikoa baikor agertu da: "Hemen ehunka lagun elkartzeak erakusten du Sortuk herri hau eraikitzen jarraitzeko daukan konpromisoa”. Adierazi du Sortuk "egungo garaiari eta erronkei erantzuteko anbizioarekin" jarraituko duela.