Koronabirusa dela-eta herrietan itxi behar izan duten merkataritza eta zerbitzu txikiei laguntzeko aukera ematen die herritarrei Oñatiko Magnet kooperatibak sortu duen Kuttuna web plataformak. Izan ere, denda eta zerbitzu txiki horietako bonu txartelak erosteko aukera ematen du, beraz, bonu txartela orain ordain dezakete herritarrek eta produktuak eta zerbitzuak dendek ateak berriz irekitzean eskuratu.
"Denda eta zerbitzu hauetan erabiltzeko bonu txartelak erosiz, herritarrek euren denda kuttunak zaindu ditzakete egoera larri honetan. Konfinamendu egoera bukatzean eta dendak eta zerbitzuak berriro irekitzean, bonu txartelak erabili ahalko dituzte, produktu eta zerbitzuekin trukatuz. Bitartean, saltoki hauek diru-sarrera batzuk izan ditzakete konfinamendu egoerak jarraitzen duen bitartean". Horrela aurkezten du Kuttuna.org webguneak ekimena.
Oñatiko Magnet kooperatibak produktu eta zerbitzu digitalak ekoizten ditu eta berak sortu du ekimena, "gure herriko dendari, ostalari eta profesional autonomen egoera ikusita".
Herri hauetako dendak daude bonu bidez funtzionatzeko aukera ematen duen Kuttunan: Arrasate, Oñati, Zarautz, Bergara, Soraluze, Legazpi, Antzuola, Aretxabaleta eta Azpeitia. Guztira hogeita bederatzi denda dira.
Erosketa egin ahal izateko Kuttuna.org-en erregistratu behar da lehenik, erabiltzaile bezala. Ondoren, herriko gustuko dendari, ostalari edo profesionala bilatu eta zenbat euroko bonu txartela erosi aukeratzen da. "Diru hau zuzenean merkatariari bideratuko zaio" ziurtatu du Kuttuna.org-ek.
Bonu txartela Kuttuna.org-eko erabiltzaile kontuan eskuragarri izango du erosi duenak, eta PDF formatuan ere eskuratu ahalko du.