argia.eus
INPRIMATU
Herrien frantsesezko izenak ezabatu dituzte dozenaka seinaletatik
  • Espraiarekin estali dituzte Ipar Euskal Herrian gutxienez 25 frantsesezko izendapen panel. Uztailaren 10ean hasi zuten ekintza, eta U14 kolektiboak egiletza aldarrikatu du. Bihar manifestazioa deitua dute Donibane Lohizunen.

Ilargi Manzanares 2023ko uztailaren 13a

Iaz euskarazko panelak frantsesezkoen gainetik jarri zituzten, euskara lehenesteko ekintza sinboliko gisa. Aurten, Ipar Euskal Herriko hainbat herrien frantsesezko izenak ezabatu dituzte, espraiaren bidez. U14 kolektiboak uztailaren 11ean sare sozialetan hedatutako bideo baten bidez jakinarazi du bere dela egilea.

Ekintza frantziar Estatuaren festa nazionalaren astean egin dute, “asimilazioaren aitzinean antolatzeko”. Frantsesezko izenak ezabatzeaz gain, “independentzia eta sozialismoa” aldarrikatzen duen murala ere osatu dute.

Ostiralerako manifestaziora deia

Uztailak 14 festa eguna baino “Euskal Herrian borroka eguna” dela adierazi dute, eta mobilizaziora deitu dituzte herritarrak. Ostiralean 18:00etan Donibane Lohizuneko Didier Lafitte plazatik aterako dira (ofizialki Louis XIV plaza) Borrokaz aska dezagun herria! lelopean.

Herribiltza kolektiboak oharra bidali du hedabideetara, esanez, bat egiten duela U14 kolektiboak euskararen alde burutu duen ekintzarekin eta dei egiten du Frantziar eta Espainiar Estatuak Euskal Herriaren zapaltzaileak direla salatzeko bihar Donibane Lohizunen eginen den manifestaldian parte hartzera.