argia.eus
INPRIMATU
HerriBiltzak udaberriko festa ospatu du kurduekin batera eta iraultzaren haziak ereiteari ekin dio
  • Behe Nafarroako Behorlegin asteburu osoko egitaraua eraman du aurrera herriBiltzak. Larunbatean Parisko Komunaren iraultzaren urteurrena gogoratu dute eta igandean kurduen eta euskaldunen arteko elkartasuna indartzeko udaberriko festa ospatu dute elkarrekin. Bi egunetan erein dituzten laboreen haziak Euskal Herrira zabaltzea da herriBiltzaren asmoa. Hurrengo hitzordua apirilaren 1ean Oñatiko gaztetxean dute: bertan azalduko dute zer den herriBiltza aurkezpen-eztabaida formatuan.

ARGIA @argia 2023ko martxoaren 20a
Behorlegin tipula ereiten kurduekin batera, udaberri jaia ospatzeko. Bertako \"iraultzaren haziak\" datorren urtean Euskal Herri osora zabaltzea dute asmo.

Parisko Komunaren iraultza 1871ko martxoaren 18an piztu zen eta 152. urteurrena gogoratu du herriBiltzak iragan larunbatean Behorlegin. La Communarde izena eman dioten lur-udarea landatu dute eta asmoa dute datorren urtean hortik sortutako hazia Euskal Herri osora zabaltzeko, "iraultza eder hori segitzeko".

Udaberriko festa herri kurduarekin batera

Igandean, kurduen eta euskaldunen artean udaberriko festa egin zuten, bi herrien arteko elkartasuna azkartzeko. Kurduek prestatutako bazkaria dastatu zuten Herri Jantegian eta ondoren suaren inguruan dantzatu zuten, Newroz edo urte berria ospatzeko. Ondoren, “Jin, Jiyan, Azadi” (emaztea, bizia, askatasuna) tipula erein zuten elkarrekin eta hazi hori ere datorren urtean Euskal Herri osora zabaltzea da herriBiltzaren asmoa.

Eguna biribiltzeko, Kurduen Konfederalismo Demokratikoaren eta herriBiltza Euskaldunon Biltzarren Elkargoaren arteko antzekotasunen inguruan eztabaidatu zuten, eta kurduek Kurdistango egoeraren aurkezpena egin zuten.

Iragan larunbatean lur-udarea landatzen, Parisko Komunaren urteurrena gogoratuz.
herriBiltzaren hurrengo hitzorduak

Apirilaren 1ean Oñatiko gaztetxean aurkeztuko dute herriBiltza, aurkezpen-eztabaida formatuan. 11:00etatik 19:00etara izango da. Tartean, bakoitzak etxetik eramandakoarekin bazkaria egingo dute. Hauek dira Oñatin aurkeztuko diren herriBiltzaren lan ardatzetako batzuk:

Bizitzeko, Berdintasuna! Herri Jantegiak; Elikadura: Nekazaritza Ekosoziala eta Buruaskitasunerako Baratzeak; Buruaskitasuna osasungintzan: S.O.S. Sarea Ospitale Sendaketentzat; Buruaskitasuna garraioan: Bizikletagintza eta zapatagintza; Euskal Herria ikastegia: Herria Haurren Hezitzaile; Euskal Herria unibertsitatea: Herriak herriarengandik ikasten; Hausnartzen: gure pentsaketak deskolonizatu eta Aberri Eguna: nazionala, esplotazioaren aurkakoa eta ez pazkoz.

Apirilaren 15ean, berriz, Behorlegin Hausnartzen Eguna egingo dute. Hausnartzen herriBiltzaren batzordea da: "Liburuak irakurri, dokumentalak begiratu edota hitzaldiak entzun ondoren, hauetaz euskaraz hausnartzeko eztabaida publikoak antolatzen ditugu" diote antolatzaileek. Goizeko 11:00etan hasiko dira, 13:00ean Herri Jantegian bazkalduko dute elkarrekin eta arratsaldeko saioa 15:00-17:00 arte izango da. Oraingoan lantzeko hautatu duten liburua Terre et liberté (Aurélien Berlan-ena). Pello Zubiriak euskarara ekarria du bere mamia, Larrun honetan: Geure beharren asetzea, geure gain.

Hausnartzen Egunera edota Herri Jantegira etortzeko, izena eman behar da herribiltza@riseup.net helbidean, apirilaren 14a baino lehen.

HerriBiltzaren webgunean irakur daitezke haien gogoetarako testuak.