argia.eus
INPRIMATU
Herriari bizitza ematen dion Zigako eskolak itxi egin beharko du ume faltagatik
  • Lehen Hezkuntzako adin ezberdinetako sei ikasle baino ez ditu Zigako (Nafarroa) eskolak. Aukera baliatzen dute elkarbizitza lantzeko, tokiko curriculuma sustatzeko, landa ingurunea pedagogikoki aprobetxatzeko eta herria bera bizi eta dinamiko mantentzeko. Hori bai, ume gehiago eta segidarik ezean, ixtear da Zigako eskola.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko maiatzaren 29a
"Indarra herrietan dago, herri horietan bizi den jendean". Argazkia: TVE

Despopulatzen ari diren zonaldeetan, herriak eta bertako kultura bizi mantentzeko helduleku ezin hobea dira landa-eskolak. “Adineko emakume bat ikasturte hasiera guztietan ikastetxe atarira etortzen zitzaigun, esatera zein pozik zegoen ikasturtea hasi zelako eta haurrak entzuten zituelako berriz ere. Landa-eskola batek herriari bizitza ematen dio”, kontatu du Maite Oteiza Zigako eskolako zuzendariak, TVE kateak egindako erreportajean: “Nahi dugunaren inguruan kontzientzia hartu behar dugu helduok, zer den guretzat progresoa: hiri handi bat trafiko askorekin? Ala beste progreso mota bat, lotuagoa lurrari, ingurumenari? Indarra herrietan dago, herri horietan bizi den jendean”.

“Herri txikietako eskolak familia bat gara”

Baztanen hamabost herri daude eta horietako hamabik dute eskola. Zigak 22 ikasle izan ditu iraganean, gaur egun sei baino ez, Ziga eta Aniz herrietakoak, datorren ikasturtean eta hurrengoan lau izango ditu, eta gero ziurrenik itxi egin beharko dute, ume faltagatik.

“Herri txikietako eskolak familia bat dira”, kontatu du Oteizak, eta ikastetxean elkarbizitzari garrantzi handia ematen diotela nabari da. Besteak beste, beren kezkak agertzeko batzarrak egiten dituzte (patioan denek ez dutela gauza berean jolastu nahi eta auziaz hitz egin dute erreportajean ikasleek), batzarrak aproposak baitira eztabaidatzeko eta parte hartzen eta gainerakoak entzuten ikasteko.

Proiektuka ere aritzen dira Zigan. Esaterako, zortzien artean antzezlan bat prestatu dute, hasi eta buka, ikasturte amaieran herriko jendearen aurrean eskaintzeko. Sormena, idazketa, irakurketa, ahozko adierazpena, ahozkoa ez den espresioa, lotsa gainditzeko baliabideak… lantzeko aproposa da antzerkia.

"Asko aprobetxatzen dugu ingurua, eta are gehiago aprobetxatu nahi dugu. Gure etxeekin, herriarekin, jendearekin… egiten dugu lan, ukitu, esperimentatu eta manipulatu egiten dugu"

Zigako planoa hartu eta kalez kale ere ikusi ditugu haurrak, erreportajean. Espazioa, orientazioa eta beste jorratzeko modua da, baina tokiko curriculuma eta bertako historia, kultura eta ezagutza transmititzeko erreminta inportantea da ingurua. “Asko aprobetxatzen dugu ingurua, eta are gehiago aprobetxatu nahi dugu. Gure etxeekin, herriarekin, jendearekin… egiten dugu lan, ukitu, esperimentatu eta manipulatu egiten dugu, inguru oso aberasgarria dugulako, eta inguruan lan egitea bera oso aberasgarria delako, ez dakit zenbateraino baloratzen dugun”, dio Oteizak. Sukaldaritza tailerra ere bertako kultura bizi mantentzeko modua izan daiteke, haurrek taloa egiten ikasi dute esaterako, “batez ere despopulatzen ari diren herriotan inportantea delako gure kultura ez galtzea eta herria aktibo mantentzea, etorkizuna izan dezan”.

Eskolaren amaiera?

2024-2025 ikasturtean eta 2025-2026an soilik lau ikasle izango ditu Zigako eskolak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin hala hitzartuta. Ziga eta Aurizkoak dira bakarrik lau ikasle izango dituzten ikastetxeak Nafarroan. Ondoren, itxi egin beharko ditu ateak, gauzak asko aldatu ezean. Bitartean, herria bizi mantentzeko borrokan jarraituko dute bertako biztanleek. “Etorkizunean, jendeak hemen bizitzen jarraitzen badu, eskolak bizirik jarraituko du. Gure herrietan jendea bizi baldin bagara, eskolak beteko ditugu”.