Martxoaren 22ko Madrilgo Duintasunaren Martxak egitearen ideia Andaluziako Langileen Sindikatuarena (SAT) izan zen. Sindikatuko gazte plataformako bi kidek, Curro Morenok eta Javier García Fernándezek, hitzaldia eman dute Donostian, Andaluziako gazteen eta egindako mobilizazioen inguruan.
"Zure ekintza ekarpen bat da gizarte justuago bat lortzeko" zikloaren baitan eskaini dute hitzaldia, eta kronika egin dute Eldiario.es-en. Espainiako Gobernuaren murrizketei kontra egiteko jaio zen SAT, 2007an, eta orduz geroztik ekintza ugari antolatu dituzte, baina Andaluziako Gobernuaren erasoak jasan izana kritikatu dute kideek: 800.000 euroko isunak jarri dizkiete dagoeneko.
Hainbat ekintza eta manifestazio arrakastatsuren ostean, Madrilgo Duintasunaren Martxak egitea otu zitzaien, honako aldarrikapenekin: guztientzako etxebizitza eskubidea, zorrak ez ordaintzea, lanpostu duina eskubideekin eta oinarrizko errenta. "Mezu nagusia da herrialdea geratu egin behar dela, puntu eta bereiz egin, eta berriz hasi". Martxoaren 22ko mobilizazioek "erregimenaren bihotza astintzeko" balio izan zutela adierazi dute.
%70eko langabezia
Andaluziak egoera iluna bizi du. Krisia hasi aurretik langabezia %20koa zela gogoratu dute hizlariek, gaur egun eskualde batzuetan langabezia %50ekoa dela, eta gazteen artean, %70ekoa.
SATen aurrekaritzat har daiteke SOC, Landaguneko Langileen Sindikatua. Aspalditik dator nekazal borroka Andaluzian, lurren banaketa justuago baten alde. Horren haritik sortu ziren Marinaledaren gisako esperientziak. Juan Manuel Sánchez Gordillo alkate duen herri horretako adibidea oso garrantzitsua dela diote Morenok eta Garcíak, gauzak beste era batera egin daitezkeela frogatzen duelako. Une hauetan, Andaluziako lurren %50 familien %2ren esku dago.
SATeko kideek hitzaldian adierazi dutenez, ekainaren 21erako mobilizazio handia ari dira antolatzen, Andaluziako Gobernua inguratuko duena. "Krisiaren errudunek aurpegia dute eta hatzaz seinalatu behar ditugu".