argia.eus
INPRIMATU
Herrialde pobretuei hitzemandako COVID-19aren txertoen %14 soilik helarazi zaie
  • Nazioarteko 70 erakundetik gora biltzen dituen People Vaccine’s Alliance koalizioak aurkeztutako txostenak dio herrialde pobretuetako herritarren %1,3k jaso duela txertoaren dosi guztiak. Errudun jo ditu farmazeutikak eta herrialde aberastuenak, txertoak pilatzeagatik.

Leire Artola Arin 2021eko urriaren 27a
Covax erakundea ari da txertoaren banaketa parekidea egoteko lanean. / Argazkia: Argentinako Osasun Ministerioa

A dose of reality (Errealitate dosia) txostena argitaratu du People Vaccine’s Alliance elkarteak, COVID-19aren aurkako txertoak munduan duen egoera erakusteko. Koalizioa osatzen dute, besteak beste, Oxfam, ActionAid eta Amnistia Internazionala erakundeek. Txostenaren arabera, herrialde aberastuek hitzeman zuten 1.800 milioi dosi bideratuko zituztela herrialde pobretuenetara, baina soilik 261 milioi iritsi dira. Erantzukizuna eskatu diete G20ko ordezkariei, hango hemeretzi herrialdeek biltzen baitute munduko aberastasunaren %85.

Koalizioak salatu du pandemia behar baino gehiago luzatzen ari dela txertoen eskuragarritasuna ez delako parekidea denentzat. Horren errua enpresa farmazeutikoek eta herrialde aberatsek dutela zehaztu dute. Izan ere, hasiera batean hitzeman zutena ezerezean geratu da; dokumentuak argitu du agindutako zazpi dositik bakarra helarazi dietela.

Erresuma Batuak 100 milioi agindu zituen, baina %10 baino gutxiago eman ditu. Kanadak 40 milioi dosi emateko promesa egin zuen, baina %8 besterik ez ditu eman. AEBek helarazi dute txerto gehien (1.100 milioi), baina hitzartutakoaren %16 besterik ez da. Halaber, koalizioak nabarmendu du porrot egin duela Covax-ek, txertoen banaketa parekidearen alde lan egiten duen erakundeak. Lider politikoek esan zuten Covaxi 994 milioi dosi emango zizkiotela baina 120 milioi jaso dituzte momentuz, alegia, %12.