Directa hedabideak eman du argitara espioitza masiboa: Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak, "terrorismoaren aurkako borroka" argudiatuz, 50 telefono mugikor kontrolpean hartu ditu, eta besteak beste kaleko jarraipena ere egin die hainbat militanteri. 2017ko azaroaren 8ko greba orokorreko sabotajeak dira zelatatze masiboaren iturria, eta gutxienez 2019ko lehen hiruhilekora arte egon zen martxan.
Directa-k jakinarazi du, urriaren 10eko astelehenez, CDRak (Errepublikaren Defentsarako Batzordeak) eta Ezker Independentista masiboki zelatatu dituela Espainiako Barne Ministerioak. Oraintsu arte sekretutzat jotako dokumentuetara sarbidea izan du hedabideak: 2.000 orritik gora, "interes polizialeko" dokumentuek, Poliziaren espioitza jardunaren zehaztapenek eta hainbat militantek izandako elkarrizketen transkripzioek osatuta.
Gemma García eta Jesús Rodríguez kazetariek egindako ikerketaren arabera, espioitzaren abiapuntua lirateke 2017ko azaroaren 8an –Procés-aren testuinguruan deitutako greba orokor egunean– Espainiako trenbideen kudeaketaz arduratzen den Adif enpresaren instalazioen aurka gauzatutako sabotajeak. Izan ere, ekintza horien harira abiatutako ikerketaren bidez arrazoitu zen espioitza. Adif-eko ordezkari batek Guardia Zibilaren kuartelean salaketa jartzearekin batera, sabotajeen kokalekutik gertuko telefonia mugikorreko BTS antenen datuak biltzeko agindua eman zen, eta horrekin batera CDR ugariren Telegram kanaletan infiltratu ziren hainbat agente. Telegram kanaletako elkarrizketetan oinarriturik, Guardia Zibilak Espainiako Auzitegi Nazionalari adierazi zion aztarnak zituela bi militante sabotaje ekintzekin lotzeko. "Bi militante horien telefonoetako komunikazioen intertzeptazioa izango zen intertzeptazio kate luze bate hasiera, eta ondoren eragingo zien Cardedeu, Lleida, Tarragona, Granollers, Santa Coloma de Farners, Girona, Salt eta Sant Antoni de Vilamajorreko eskualdeetako CDRetako dozenaka ekintzaileri, baita 'Nazioarteko CDRari' zein 'Ekintzen Talde Nazionalari' ere, Guardia Zibilak epaileari eman zion organigramaren arabera", irakur daiteke Directan.
Paraleloki, Espainiako Poliziaren BPI Bartzelonako Eskualdeko Informazio Brigadak ere ikerketa abiatu zuen CDRen jardunaren inguruan. Ikerketa horrek eta Guardia Zibilak abiatutakoak bat egin zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean 2018ko martxoaren 21ean. BPI-ak egun horretan gehitu zizkion ikerketari Endavant eta Poble Lliure antolakundeei buruzko dokumentuak, baita Ezker Independentistako zenbait militanteren jardunaren monitorizazioa jasotzen duten txostenak ere. Bi ikerketen gurutzaketatik ondorioztatuko dute CDRen zuzendaritzaren nukleoa Ezker Independentistak kapitalizatuta dagoela eta "Ezker Independentista egonkortasun eta bake sozialerako egiazko mehatxu bezala aurkezten dela, kontrabotere mugimendu gisa erakutsi duelako nolabaiteko indarkeria mailadun erantzuna aktibatzeko gaitasuna". Argudiaketa horrekin arrazoitu zuen BPI-ak Xavier Pellicer, Joan Teran eta Arraneko militante baten telefonoak kontrolpean hartzea (Pellicer Alerta Solidària-ko bozeramaile zen garai hartan eta CUP-eko diputatua da gaur egun, eta Teranek Endavant-Osan-en egituran posizio esanguratsua du Poliziaren aburuz).
Orotara, 38 militanteren titulartasuna daukaten 50 telefono hartu ditu kontrolpean Espainiako Barne Ministerioak, "terrorismoaren aurkako" borrokaren argudioaz eta Tepol terrorismo delituetarako Polizia judizialaren unitatearen gidaritzapean. Errepresioaren aurkako Alerta Solidària antolakundeko, CUP alderdiko, Endavant antolakundeko, CDRetako eta SEPC Herrrialde Katalanetako Ikasleen Sindikatuko militanteak daude kaltetuen artean. Espioitzaren harira, Poliziak militanteen Gmail, Twitter eta Facebook kontuetara sarbidea izan du, telefono mugikorretako geolokalizazioak jakin ditu, deiak eta SMS mezuak intertzeptatu ditu, eta espioitzarako software batekin kutsatu dizkie telefonoak. Horrez gainera, kaleko jantzitako poliziak ere izan dituzte atzetik militanteek, eta geolokalizaziorako balizak jarri dizkiete autoetan. "Interes poliziala" zeukatela iritzirik, transkribatuak izan dira zelatatutako pertsonek 150 mintzakiderekin izandako solasaldiak (horien artean abokatuak, diputatuak, zinegotziak eta antolakunde ezberdinetako kideak daude).
Berriki argitara emandako espioitza baimendu zuten Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Diego de Egeak, Carmen Lamelak eta Manuel García Castellónek, eta Miguel Ángel Carballo eta Teresa Sandoval fiskalek. Mariano Rajoy Espainiako presidente zela abiatu zen, baina ez zuen etenik izan haren tokia Pedro Sánchezek hartzean eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministro izendatzean. Espioitza, gutxienez, 2019ko lehen hiruhilekora arte egon zen martxan, Directaren arabera.