argia.eus
INPRIMATU
Herrialde Katalanak: deskonexioaren eta aldaketaren aldeko ilusioaren artean
  • Estatuarekin eta 78ko erregimenarekin haustura nahi duten sektoreak hurbildu asmoz, soberanismoaren eta ezker eraldatzailearen arteko borroka jarri dute mahai gainean abenduaren 20ko hauteskundeek.

Àlex Romaguera @AlexRomaguera 2015eko abenduaren 16a
Irailaren 11ko Diadan indar erakustaldi independentista. (Arg: Victor Serri / La Directa)

Guztiz hil ez den erregimena eta guztiz jaio ez den bestea. Hori da abenduaren 20ak utz lezakeen argazkia. Emaitzak ikusi beharko dira, baina Trantsizioaz geroztik egin diren estatuko hauteskunderik garrantzitsuenetan, ez dirudi azken 40 urteetan indarrean izan den gobernatzeko eredua eroriko denik. Aro horretan PPk eta PSOEk boterea alternatu dute bi legegintzaldiro.

Zantzu guztien arabera, bipartidismoa lau alderdiko eskema baten forman berrosatuko da, afera politikoen kudeaketa desegonkorragoa eragingo duena, baina aldi berean afera publikoen kudeaketa aurrikusteko zailagoa izango da. Demoskopiari begiratuta, ezker antikapitalista katapultatuko lukeen hegemonia aldaketa batek ez du 78ko borroka hautsiko, ezta lurralde batasunaren meloia irekiko ere burujabetzaren aldeko kataluniarrek edo euskaldunek.

Gehienez ere, Estatua eta orain arte indarrean dagoen sistema ekonomikoa ulertzeko modu antagonikoen dialektika gogortuko litzateke. Batetik, elite zaharren menpeko Espainiako Estatuak 78ko ituna berretsi nahi du ahalik eta aldaketa gutxienekin; eta bestetik, aktore berriak sortzen ari dira periferian erabaki esparru guztietan burujabetza konkistatu nahian.

Itxaropenaren mugak

Autonomien estatuaren agortzea bat etorri da berau sustengatu duen sistema ekonomikoaren gainbeherarekin. Eta krisi bikoitz horrek dena birpentsatzeko aukera ireki du. Ez soilik “Carta Magna”-k behin eta berriz blindatutako marko juridikoa; baita demokrazia bera ulertzeko izan dugun modua ere, gehiengoaren beharrak betetzeko gai ez dela agerian geratu den honetan. Horrela ikusten da Herrialde Katalanetatik, zeina kultura politiko berriaren laborategi bilakatu den independentismoaren eta M15aren beroan.

Hau berresten dute Ada Colauk Bartzelonako alkatetza lortu izanak, edo Mónica Oltra izanak País Valencià-ko gobernu berrian. Biak ala biak Pablo Iglesiasen akuilu bihurtu dira Podemos alternatiba gisa eraikitzeko, Estatuari jokaleku parlamentarioa apurtzen saiatzeko. Bere garaipenak oso eragin garrantzitsua izan lezake Estatuaren osotasunean. Hau indar harreman berrian indikadorea litzateke, maiatzeko udal hauteskundeetatik “aldaketaren aldeko hirien” bidez marrazten joan dena. Baina bere garaipenak lurrikara politikoa eragin dezake Katalunian ere, indar soberanisten eta unionisten artean zulo handi bat ireki lezakeelako, eta prozesu independentista oso ahul utz lezakeelako iritzi publikoaren begietara.

Inkesta batzuek, dena den, ez dute egoera horrekin bat egiten. ERCk eta CDCk –Demokrazia eta Askatasuna izenarekin berbataiatuta oraingoan– irabazi egingo dutela diote, Ciudadanosen aurretik, eta En Comú Podem laugarren indarra litzateke. Modu horretan, Pablo Iglesiasi ezinezko egingo litzaioke “beste Espainia bat posible da” ideiarekin jendea konbentzitzea, PPk asfixia ekonomikoaren bidez ematen dituen kolpeen eta hausturarako independentismoaren bultzadaren erdian geratuz. Horrek adieraziko luke deskonexioaren tesiak ez duela atzera bueltarik, eta Kataluniaren etorkizuna Madrilekin hitzartutako erreferendum baten esku uztea kimera gisa hartuko litzateke, zeinak 233 diputatu behar dituen Korteetan.

Iglesias-Colau tandemaren garaipenak gauzei buelta eman diezaieke eta Estatu plurinazional eta kulturanitzaren irudikeria eragingo luke. Trantsizioak oraindik ez du hori posible egin, eta azken batean, Kataluniako gizartearen %80k hobesten duen erabakitzeko eskubidea praktikara eramateko esperantza izan liteke.

Garaipen partzialak

País Valenciàn eta Balear Uharteetan dena mantsoago doa. Askotan gogoratu izan den gisan, bi lurralde horietan bigarren Trantsizioa urrun da, lehena oraindik bidean delako. PP ahalguztidunak eta antikatalanismoan oinarritutako PSOEk ekidin dute. Bi alderdiok bilakatu dira aldaketa prozesuen kontentziorako horma. Aldaketak Katalunian indartu dira Estatutuaren aurkako epaiagatik, mobilizazio soberanistengatik eta M15 mugimenduko hainbat aktorek erakundetara salto egin dutelako.

Guzti horrekin, baliteke Podemosek bi komunitate hauetan irabaztea, horrek ondorengo hautekundeetan eragin katartikoa eragingo lukete. Compromísekin egin duen koalizioari esker, Iglesiasen alderdia lehen indarra izan daiteke País Valenciàn, baina iraultze politikoa ez da historikoa izango PP, PSPV eta Ciudadanos ez badira nahikoa jaisten. Gauza bera gerta daiteke Balear Uharteetan ere. Iglesiasen sateliteak irabazteko aukerak dauzka PP eta PSIBren aurretik, baina Kamera Baxuan eta Senatuan ordezkaritza lortuko lukete hauek.

Gauzak horrela, garaipen partzialen aurrean geundeke, Podemoseko liderren ustez Estatu osoan artikulatzen ari den “aldaketaren alde”. Izquierda Unida-Unidad Popular albo batera utzita, 78ko erregimen bipartidistarekin haustura saiakera ordezkatzen du Iglesiasen plataformak. Oraindik ez dute nahikoa giharrik lurraldeka, eta kolektibo antikapitalistak albo batera utziz, sozialdemokraziara biratu du PSOErekin pozik ez dauden sektoreak erakarri asmoz.

Podemosek eta bere markek Herrialde Katalanetan irabazteko aukera inkognita da, batez ere, bere duda taktikoak eta, bereziki, sortu den momentu historikoak ez dutelako guztiz bere alde egiten. Kataluniako herritarren parte bat Errepublika fundatzeko zenbat egun falta diren kontatzen ari da, eta beraz, bi aktoreak asebeteko ez lituzkeen egoera paradoxiko batekin topo egin genezake: independentismoa indarra galtzea uninismoaren mesedetan, eta Estatua osatzen duten herrien eta herri klaseen zerbitzura hegemonia aldaketa eragiteko indar nahikorik ez edukitzea Podemosek. Lidergoa lortzeko aldeko lasterketa horretan, beraz, elkar ahul dezakete.

Oharra: Diagonal, La Directa eta ARGIAren elkarlanaren emaitza da artikulu hau. Espainiako hauteskunde orokorren harira, Madril, Herrialde Katalanak eta Euskal Herriko egoera politikoen berri emango dugu hiru hedabideok batera, tokian tokiko informazioa hiru hizkuntzetara itzuli eta egun beretan argitaratuz.