Arafat Jaradat, Palestinako UAWC nekazari-antolakundeko kidea, La Via Campesinaren VII. Nazioarteko Biltzarrean parte hartzen ari den 500 inguru pertsonetako bat da. Hebronen bizi da, Zisjordanian. Israelen erasoak direla-eta palestinar nekazariek eguneroko lana egiteko dituzten zailtasun izugarrien berri eman nahi du Jaradatek Derion.
Nolakoa da palestinar nekazari baten bizimodua?
Bizitza oso zaila da han Israelen okupazioa dela eta. Dena kontrolatzen dute: ura, lurra… Baita itsasoa ere. Egunero israeldar kolonoek eta soldaduek palestinar nekazariei eraso egiten diete, lurrak konfiskatuz, etxaldeak suntitsuz… Kolonoentzako guneak irabazte aldera betiere.
Palestinako eskualde guztietan da berdin?
Gazan nekazaritza gutxi dago, eta erasoak jasaten dituztenak arrantzaleak dira gehienbat. Ez dute baimenik milia bat baino urrunago aldentzeko itsasertzetik. Egitekotan israeldarrek ontzia suntsitu dezakete, edo zerbait okerrago. Orain dela hogei egun arrantzale bat hil zuten horregatik.
Zisjordanian, berriz, hiru eremu daude: A, B eta C. Israelek C eremu osoa du erabateko kontrolpean, eta hortxe daude nekazaritzarako lur guztiak. Bertako nekazariei lurra, ura eta bestelako baliabideak eskuratzea eragozten zaie. Oso zaila da baldintza horietan ekoiztea. Eta ekoiztu egiten da hala ere: barazkiak, mahatsa, olibak, almendrak…
Norberarentzat edo saltzeko?
Gehiena merkatuetan saltzeko da, zertxobait etxerako. Baina salmenta beti Palestina barruan egin behar da, esportatzeko baimena eskatu behar da eta. Bestalde, Israelek ekonomikoki ere egiten du gerra: merkatua saturatu eta salmenta-prezioak amiltzea eragiten dute. Esaterako, orain gutxi tomateak kiloko bost euroan saltzen ari ziren nekazari palestinarrak; israeldarrek tomatez bete zuten merkatua eta prezioa euro erdira jaitsi zen.
Palestinar asko bizi dira nekazaritzaz?
Bai noski, palestinarra nekazari herria izan da betidanik. Oso laborari onak ditugu, eskarmentu handikoak, eta Ekialde Hurbil osoan ospetsuak. Palestinako janaria oso kalitate handikoa da. Arazo handiena ura da, gure lurraldea idorra baita. Putzuak eta ur biltegiak behar ditugu, baina horiek ere apurtzen dizkigute.
Zer mezu dakarzu La Via Campesinaren Nazioarteko Biltzarrera?
Gure egoeraren berri zabaldu nahi dut, denek ez baitakite Palestinan nola gauden. Nahi genuke La Via Campesinak arreta ematea Palestinako arazoari. Herrialde askotan nekazariek zailtasunak dituzte lurrak eskuratzeko, baina ez gurean adina. Lurra gurea da, baina ezin erabili, okupatuta baikaude. Eta gure gobernua ahulegia da zerbait egiteko. La Via Campesina oso indartsua da, eta lagundu egin diezaguke, elkartasunaemanez. Gainera, Palestina da La Via Campesinan elkarte bat duen Ekialde Hurbileko lehen herrialdea; lagunduko digun itxaropena dugu.