Antonimoen zentzuari jarraituz, nonbaiten gune aske bat eraiki behar izateak asko esaten du bertako lekuaren askatasun faltaz. Libertatea zapaldua den eremu batean altxatzen dira espazio askatuak, injustiziari erantzuteko, arnasa emateko.
Antonimoen zentzuari jarraituz, nonbaiten gune aske bat eraiki behar izateak asko esaten du bertako lekuaren askatasun faltaz. Libertatea zapaldua den eremu batean altxatzen dira espazio askatuak, injustiziari erantzuteko, arnasa emateko. Zortzi gazte jardun politikoagatik espetxeratzeko agindu bortitz eta amorrantearen aurrean, herriak logika beraz, bortizkeriaz, erantzun izana ez litzateke harrigarria izanen. Baina ez da hala izan, aitzitik, kontrakoa izan da. Eta ondorioa ia deskribaezina da.
Bulebarreko herri harresia desobedientzia ekimen ikusgarriaz gain, fenomeno sozial ikaragarria ere izan da, bere inguruan sortu diren esperientzia eta sentipenengatik. Adreiluen ordez, pertsonek, Bulebarreko erlojupetik pasatako milaka pertsonek osatu dute harresia, eta pertsona horiek ilusioa, amorrua, itxaropena, irribarreak, nerbioak eta malkoak partekatu dituzte. Eta garaipen bat. Gazte auziperatuak atxilotu eta dispertsatu badituzte ere, garaipen bat, garaipen txiki baino ahaztezin bat ere partekatu dute.
Hamar egunetan, Bulebarreko kioskoak, plazan gertatzen zena mundu osora zabaltzeko konpromisoa hartu duten komunikatzaile gazteen aterpe izan da. Tamainako lana eginda, herri harresiaren dimentsioa puzten lagundu dute. Baina, lan ikaragarria izanda ere, eurena komunikazio ekintza are zabalago baten parte izan da. Herri harresia bera, herria bera izan da komunikazioa, eta hamar egunez plaza bat hartu eta era injustuan kondenatutako gazteak babestea komunikazio adierazpen erraldoia izan da, aspaldiko esanguratsuena gure herrian. Ehundaka gazte eskuzabalen jarrerak zer pentsatua emanen zion askori, eta aitzakiak kenduko zizkion beste askori: inork ez du plazerrez gaua kalean pasatzen. Bulebarreko irudiak, Euskal Herriak bizi duen egoera absurdoaren lekuko zein adierazgarri, edozein panfletok baino gehiago balio du. Jendeak aldarrikapena ulertu du, eta esanen nuke, atxikimendua ez bada errespetua behintzat sentitu duela lurrean eseri eta elkarri eskutik helduz duintasuna erakutsi duten gazteekiko. Horrek, sentsazio orokortu horrek, are absurduago egiten ditu politikari hainbaten adierazpenak, “iraganeko garaietarako” itzulera satanizatuz. Eta, errealitatearen argazkia egiteko gaitasun eza agerian uztearekin batera, zalantza bat aireratzen du, erabat argitu gabea: ez ote diren haiek, iraganeko egoerara bueltatzeko premia daukatenak.
Bulebarrekoak, azkenik, egun edozein komunikazio ekintzari arrakastatsua izateko eskatzen zaion osagaia izan du. Emozionatu egin gaitu. Eta uste dut, han izan ginenok, denbora luzez gordeko dugun oroitzapena izanen dela apirileko ostiral bateko goiz epel horrena. Baina era berean, uste dut, han egon ala ez, Euskal Herriko gatazkari lotutako imaginarioan iltzatuko den irudia ere izanen dela, duintasunez injustiziari erantzuteko bide berri bat erakutsi zigulako.
Irakaspen eta garaipenekin batera, askeguneak ardura bat ere eman digu. Ez genuke ardura hori ahaztu beharko. Oharkabean, espazio aske gehiago eraikitzeko konpromisoa sinarazi digu eta herri harresia geroz eta altuago altxatzen jarraitzeko beharraren kontzientzia piztu digu. Pasa den ostegunean, Ion Telleria kazetariak Bulebarretik kronika egiten zuen bitartean, hara hurbildutako hainbat ikasleen iritzia jaso zuen: “Askagunearen ondotik, ezer ez da berdina izanen”. Gure esku dago hori.