argia.eus
INPRIMATU
‘Herria 2000 Eliza’ aldizkariak amaitutzat eman du bere bidea 40 urteren ostean
  • Bere 40. urteurrena heldu denean Bilboko Santutxu auzoko Herria 2000 Eliza aldizkariak azkenengo alea plazaratuko du.

Uriola.eus @uriolaeus 2018ko ekainaren 14a
'2000 Herria Eliza' aldizkariaren azken garaietako zenbakietako bat

Herria 2000 Eliza Euskal Herriko kristau mugimendu katoliko herritarraren inguruan 1978. urtean sortutako aldizkari elebiduna (euskaraz eta gaztelaniaz) da. Izen bereko taldearekin batera sortu zuten Kristau Elkarte Herritarrak eta Euskal Herriko Apaiz Koordinakundeak. Kristau ikuspuntu askatzaile batetik, Euskal Herriko eta munduko gertakari eta joeren azterketa kritikoa egiten du, bakea eta giza eskubideak landuz bereziki.

Aldizkaria argitaratzeaz gain, Herria 2000 Eliza taldeak beste ekimen batzuk ere egin izan ditu, hala nola, liburuak, kongresuak, foroak, jardunaldiak. Sedea Santutxu Bilboko auzoan izan du eta 40 urte igarota proiektuarekin bukatzea erabaki dute.

Hori dela eta, ekainaren 22an, Bilboko La Bolsa udal-egoitzan, goizeko 11:00etan emango duten  prentsaurrekoan aldizkariaren partaideek agur esango diote aldizkariari. Bertan, Txema Erdozain, Felix Placer eta Jexuxmari Zalakain egongo dira, aldizkari beteranoak hartu duen erabakia azaldu eta lau hamarkadetan egin duen ekarpena erakutsi dute.

 

Albiste hau Bilboko Uriola-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.