Ikastolen Elkarteak duela hilabete inguru jakinarazi zuen udaberrian egitekoak ziren ikastolen aldeko jaialdiak bertan behera utzi zirela, koronabirusaren pandemiagatik. Printzipioz, Herri Urrats, Araba Euskaraz eta Ibilaldia egun zehatzik gabe atzeratu dira, baina egitea tokatzen zen lehenarentzat, Herri Urratsetzat, behintzat ordezko bat izango da igande honetan, tokatzen zitzaion datan: Kanaldude herri-telebistak zuzeneko emanaldi berezia antolatu du.
Hala iragarri du Kanaldudek bere e-posta buletinean: "Covid19k eragin krisi sanitarioaren ondotik ezin denez Ikastolen sostengu pesta Senpereko aintziran iragan aurten, etxetik ospatzea proposatzen dautzuegu. Hitzordua maiatzaren 10ean igandez, 12:00tan zuzenean!"
Beraz, Kanalduderen zuzenekoetara konektatzeko deia egina dago.
Igandeko tele-ekimen honek ez du, dena dela, Herri Urrats ofizialki ordezkatuko. Ikastolen Elkarteak edo Seaskak ez dute oraingoz ez denik aurten egingo erabaki. «Herri Urrats ezinbestekoa denez, Herri Urrats eginen da. Elkarteak pentsatu du ekitaldia irailera pausatzea. Momentuko, data ez dugu finkatu, baina jakin bezain laster jakinaraziko dugu», adierazi zuen Beñat Bidegain Herri Urratseko lehendakariak atzerapena jakinarazi zenean.
Herri Urratsen ondoren, Ibilaldia zen egitekoa Elorrion maiatzaren 31n, eta Araba Euskaraz Amurrion ekainaren 14an. Udazkenean egin badaitezke... ikusi behar nola bateratu ahal izango diren Kilometroak eta Nafarroa Oinez-ekin.