argia.eus
INPRIMATU
Herri Unibertsitatearen eskaintza handitu dute Leioako campuseko ikasleek
  • Leioako ikasleek Herri Unibertsitatea antolatu dute martxoaren 14 eta 16 bitartean, “unibertsitatea herritik eta herriaren mesedera jartzeko asmoarekin”. Modu horretan, segida eman nahi izan diote duela bi urte ekindako bideari; 2014an antolatu zuten ekimena lehenengoz, eta “sakonki errotu” da ordutik. Jakintzen elkartrukea edota kolektibizazioa gisakoak unibertsitatean txertatzeko beharrari erantzun nahi diote egitasmoarekin.

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2016ko otsailaren 26a

Aurtengo Herri Unibertsitateak zenbait berritasun izango ditu. Eskaintzak gora egin du, aldi berean zortzi klase antolatzetik, bederatzi atontzera pasako dira. Bestalde, gai jakin batzuk zenbait egunez lantzeko aukera izango dute bertaraturikoek, tartean feminismoarena –“emakumea eta espazioa”, “emakume zientzialariak”, “emakume kazetariak”…–. Elikadura burujabetzaren bidean ere egin dituzte aldaketak, jaki guztiak bertako ekoizleen fruitu izango baitira.

Ekimenaren baitan antolatu diren hitzaldietarako “gonbidatu bereziak” izango direla azpimarratu dute bultzatzaileek. Nekane Jurado ekonomialaria, CUP alderdiko kide bat, Joxe Mari Agirretxe Porrotx eta Miren Artetxe bertsolaria daude horien artean. Bertako zenbait ikaslek ere hartuko dute esku Herri Unibertsitatean, Jule Goikoetxeak eta Ander Iturriotzek, besteak beste.

Unibertsitate eredua kolokan

Ekimenaren bultzatzaileak ez daude kontent egungo unibertsitate ereduarekin. Bolognaren aplikazioa, tasen igoera, graduak hiru urtera murriztu eta masterrak bira igotzea edota “herriaren beharretatik oso urrun dauden edukiak” dituzte jo puntuan. Horren aurrean, beren bidea hartua dutela iragarri dute bultzatzaileek: “Gure unibertsitateari eta orokorrean Euskal Herriari erakutsiko diogu behar dugun unibertsitatea eraikitzeko gai garela eta ez garela horretarako inoren zain egongo”.

Hau da Herri Unibertsitatearen egitaraua: