argia.eus
INPRIMATU
Herri Unibertsitateak eginen dituzte datorren astean Hegoaldeko hiriburuetan
  • Gaur egungo hezkuntza sistema albo batera baztertu eta “herritik eta herriarentzat” izanen den alternatiba berri bat eraikiko dute martxoaren 16, 17 eta 18an NUP eta EHUko ikasleek. Joan den urtean Leioako campusean izandako Herri Unibertsitatetik urtebete igaro da. Aurten Leioan ez ezik, Bilbon, Iruñean, Gasteizen eta Donostian eginen dituzte Herri Unibertsitateak.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko martxoaren 12a
Pasa den ikasturtean Herri Unibertsitatea antolatu zuten Leioako campusean

Otsailaren 26ean 13.000 ikasle inguruk Hego Euskal Herriko hiriburuetako zein herrietako karriketan atera ziren Espainiako Gobernuak zein Eusko Jaurlaritzak ezarri nahi dituzten hezkuntza erreformen aurka. LOMCE eta Heziberri proiektuari ez ezik, EU2015 unibertsitate erreformari “planto” egin eta “herritik eta herriarentzat” izanen den hezkuntza eraikitzen hasiko zirela nabarmendu zuten.

Egitarau zabala antolatu dute ikasleek: hitzaldiak, tailerrak, mobilizazioak eta eztabaidak besteak beste. Ikasleek ikasleentzat antolatutako klaseak dira hiru egunez EHU eta NUPeko campusetan egonen direnak. Ikasleekin batera, irakasleak eta herri mugimenduko eragileak parte hartu dute.

Unibertsitateetan alternatiba datorren astean eraikiko duten bitartean, ikastetxeetan itxialdiak egin dituzte LOMCE eta Heziberriren aurrean beste hezkuntza eredu bat aztertu eta sortzeko.

Egitarauak kontsultagai

NUPeko asanbladak prestatu duen egitaraua.
Bilboko egitaraua.
Ibaetako egitaraua.
Gasteizko egitaraua.
Leioako egitaraua.
Leioako egitaraua.