argia.eus
INPRIMATU
Herri Unibertsitateak abian dira, bestelako hezkuntza eredua oinarri
  • Gaur hasi eta asteazkena bitarte hiru egunez, NUP, Leioa, Bilbo, Donostia eta Gasteizko campusetan Herri Unibertsitateak eginen dituzte ikasleek. Egun indarrean dagoen hezkuntza gero eta merkantilizatuagoa eta elitistagoa bihurtzen ari dela salatzeko, Hego Euskal Herriko kaleak hartu zituzten 13.000 ikaslek joan den otsailaren 26an. Hori dela eta, pedagogia askatzailea oinarri duen hezkuntza eredu berria praktikara eraman nahi dute.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko martxoaren 16a

Nafarroako Unibertsitate Publikoan otsailaren 26ko mobilizazioen ondoren hasi ziren Herri Unibertsitatearen prestaketarekin. Ikasle Asanbladako kideak fakultateka banatu ziren gaur martxan jarriko duten egitaraua osatze aldera. Ikasleek espero baino hitzaldi gutxiago atera badira ere, nahiko egitarau osatua lortu dutela azpimarratu digute. Aipatzekoa da, ikasleen inplikazioa ez ezik, irakasle dexente Herri Unibertsitatearen dinamikan inplikatzea lortu dutela.

Leioako campusean bigarren urtez antolatu dute Herri Unibertsitatea. Joan den urtean 400 ikasle batu ziren. Aurten, Herri Unibertsitatearen prestakuntzan 100 ikasle inguruk hartu dute parte. Fakultate ezberdinetako ikasleak urtarrilaren amaieran lantaldeetan biltzen hasi ziren. Era berean, campus mailako sustapen talde orokorra osatu eta behar zehatzak asetzeko lantaldeak osatu zituzten: azpiegitura lantaldea, komunikazio lantaldea eta egitarau lantaldea, besteak beste.

Bilbon, bertan dauden fakultateetako asanblada eta taldeak izan dira Bilboko Herri Unibertsitateko antolatzaileak. “Lanean egon diren ikasle talde heterogeneoarengatik gure Herri Unibertsitatean pedagogia, ingeniaritza eta ekonomia landuko dira gehienbat, baita beste zenbait gai ere: emakumeen borrokak, okupazioa eta sexualitatea adibidez”, azaldu dute.

Gasteizko campuseko ikasle talde ezberdinen bateragunea izango da Jaikialdia: HaraBa!, Naturarekin bat, Ikasle Abertzaleak, Euskara Taldea eta Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldea. Euren esku egon da Gasteizko Herri Unibertsitatearen prestaketa. “Jaikialdia ez da mobilizazio konkretu hauetarako soilik sortu; epe luzerako estrategiak landuz, fase honen ostean lanean baturik jarraituko dugu”, diote.

Ibaetako campuseko Herri Unibertsitatea 12:30ean hasiko da eta fakultate bakoitzetik zutabe bana abiatuko da aulariorantz. Ibaetako Herri Unibertsitatearen helburu nagusietakoa ikasleria motibatzea eta piztea dela jakinarazi digute antolatzaileek: “Ikasleon arteko ezagutza eta harremanak sustatzeko jarduerek garrantzi handia izango dutela uste dugu”.

Irakurri Herri Unibertsitateetako egitarau osatuak hemen.