argia.eus
INPRIMATU
Herri Unibertsitatea egingo da otsailaren 20tik 23ra, ikasleek antolatuta
  • Herri Unibertsitatearen edizio berria antolatu du Ikasle Mugimenduak, “herritik eta herriarentzat  sortutako hezkuntza sistema propioa” aldarrikatzeko, Topatu.eus atarian aditzera eman dutenez. Otsailaren 20tik 23ra egingo da Hego Euskal Herriko hainbat campusetan eta aurten berrikuntzak izango ditu: ekimen nazionala egingo dute Bilboko San Mameseko campusean.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko otsailaren 03a
2016ko Herri Unibertsitatea (ARG.: Leioatik proiektu komunikatiboa)

“Zapalduon ahalduntzea ipar izango duen hezkuntza eredu bat eraikitzeko beharra” aldarrikatu du Ikasle Mugimenduak, eta “hitzetik ekintzetara” igarotzea ezinbestekotzat jo du. Horretarako, hiru eguneko iraupena duten jardunaldiak prestatzen dituzte urtero, ildo ugariri lotutako hitzaldi, tailer eta bestelako ekintzekin. Herri Unibertsitatea “kontraboteregune” izatea dute xede.

Ekimen nazionala San Mamesen, iazko erasoa salatzeko

Hauxe aurtengo berrikuntza nagusia: azken bi egunetan Herri Unibertsitate guztiak San Mamesen batuko dira, ekimen nazionala egiteko. San Mameseko campusean batzea, gainera, ez da kasualitatea, iaz Ertzaintza fakultatean sartu eta ikasleak irtenarazi baitzituen. EHUk Herri Unibertsitatea ospatzeko baimenari ezezkoa eman zion, baina ikasleek aurrera jarraitu zuten eta hutsaraztearen arriskuaren jakitun, campusean lo egitea erabaki zuten. Lehenengo gauean bertan Ertzaintza unibertsitatera sartu eta bertaratutako ikasleak irtenarazi zituen.

“San Mamesen gertatutakoa ez dugu ahaztu”, adierazi dute antolatzaileek. Horregatik, ekimen nazionalaren bitartez “jazarpena salatzea” eta “autodefentsarako zein ofentsibarako determinazio sendoagoa erakustea” bilatuko dute.