argia.eus
INPRIMATU
Herri Unibertsitate nazionala otsailaren 16an eta 17an izango da Leioan
  • Otsailaren 16an eta 17an izango dira aurtengo jardunaldiak, Leioako campusean. Egitaraua aurkeztu dute jada, hitzaldi, mahai-inguru, mobilizazio eta aisialdi jarduerekin. Roberto Fineschi filosofoa, Ani Perez pedagogoa nahiz Ekida arte ekimen sozialista izango dira aurten, besteak beste, gonbidatuen artean. Eta datorren astean, berriz, Euskal Herriko sei campusetan izango dira tokian tokiko Herri Unibertsitateak. Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Iruñean, otsailaren 23tik 25era izango da; gainerakoetan, berriz, 22tik 24ra bitartean.

Gedar @GedarLangileKZ 2022ko otsailaren 15a
Argazkia: Gedar.

Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako campusean egingo dute 2022ko Herri Unibertsitate nazionala, otsailaren 16tik 17ra bitartean. Aurreko edizioetan bezala, formakuntza eta eztabaida politikoa bultzatzeko helburua jarri diete jardunaldiei antolatzaileek, "langileriaren behar eta intereserako hezkuntza" eraikitzeko bidean.

Askotariko hizlariak izango dira aurtengo Herri Unibertsitate nazionalean ere, esaterako, Nantu Arroyo, Jose Castillo, Ani Perez, Roberto Fineschi, Jose Tapia eta Marcello Musto. Horiez gain, hainbat eragile eta antolakundek hartuko dute parte: Ekida arte ekimen sozialistak, Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak, Gazte Koordinadora Sozialistak eta Ikasle Abertzaleakek. Café Marxeko kideak ere izango dira gonbidatuen artean.

Bazkaltzeko aukera egongo da bi egunetan, eta kontzertuetarako tartea ere izango da. Otsailaren 17an, gainera, manifestazioa egingo dute 14:00etan, Edukiaren merkantilizazioaren aurrean, hezkuntza sozialista eraiki! lelopean.

Hona aurtengo egitarau osoa:

 

Lekuan lekuko Herri Unibertsitateak izango dira datorren astean hainbat campusetan

Aste honetan Herri Unibertsitate nazionala egin ostean, datorren astean Euskal Herriko sei campusetan izango dira tokian tokiko Herri Unibertsitateak. Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Iruñean, otsailaren 23tik 25era izango da; gainerakoetan, berriz, 22tik 24ra bitartean.

Euskal Herriko Unibertsitateko Ibaetako campusean, Donostian, hizpide izango dituzte Karl Marxen Gothako programari kritika testua, urbanismo kapitalista, Ekonomia Politikoaren Kritika, Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren historia, Martxoaren 8a eta errepresio politikoa, besteak beste. Horrez gain, kirol txapelketa bat, kontzertu akustiko bat eta bertso-bazkari bat ere egingo dituzte.

Leioako campusean, aldiz, Marxen Kapitala-ri, arteari, datorren martxoaren 24ko ikasle grebari edota pandemiaren kudeaketari buruzko hitzaldiak egongo dira. Campuseko hainbat borrokatako esperientziak ere jasoko dituzte mahai-inguru batean: hain justu, autoeskolako langileena, garbiketako langileena eta Arte Ederren Fakultateko ikasleena.

Eibarko campusean, bestalde, Covid ziurtagiria, Energia Berdeak deiturikoak, etxebizitzaren auzia eta krisi ekologikoa landuko dituzte. Hilaren 24an, gainera, bertso-bazkari bat izango da.

Gasteizko campusean ere hainbat gai izango dituzte aztergai: euskara eta klase sozialak, immigranteak, espazioen beharra, Euskal Herriko egoera politikoa, eta abar. Ekitaldi politiko bat eta bazkari bat ere egingo dituzte.

Bilbori dagokionez, hiru gunetan izango da Herri Unibertsitatea: Sarrikon, San Mamesen eta Deuston. Ukrainako gatazka, 1970eko ezker erradikala, Parisko Komuna eta Martxoaren 8a landuko dituzte, besteak beste.

Azkenik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Herri Unibertsitatean, euskarazko kultur ekoizpenari, lan erreformari, etxeko lanei edota egungo koiuntura politikoari buruzko hitzaldiak egongo dira.

Gedar kazetan irakur daitezke egitarauak osorik.