argia.eus
INPRIMATU
Herri Nortek bere aurkako “kriminalizazio eta desinformazio kanpaina” salatu du
  • Joan den otsailaren 22ko Athletic eta FC Spartak Moskuko zaleen arteko istiluen erantzule Herri Norte Taldea (HNT) jo dute zenbait hededabidek. Are gehiago, taldeak sare sozialetan salatu du Inocencio Alonso ertzainaren heriotzaren arduradun egin dutela. Ohar baten bidez, HNTk ukatu du istiluetan parte hartu izana eta salatu du zenbait komunikabidek zabaldutako "gezurra eta manipulazioa".

Uriola.eus @uriolaeus 2018ko martxoaren 14a
Herri Norteko kideen harmaila 2016ko partidu batean.

Herri Nortek dio ez zuela istiluetan parte hartu, kontzentrazioan parte hartzera zihoazenean "Ertzaintzaren eskuetan erretenituta izan baitzen 18:00etatik 21:45era". 

Horregatik eskatu du Athleticen inguruko gertakari guztien "erantzule bezala" jo aurretik, "galdetzea zergatik komunikabide, Ertzaintza eta alderdi politiko batzuek arduradun bezala jartzen gaituzten, azken 35 urteetan Athletic animatzen eta babesten egon baldin bagara mila partidutan".

Taldeak erantsi duenez, klubak ezarritako betekizun guztiak bete ditu, besteak beste, zelaira pankartak sartzerako orduan edota desplazamenduetan. HTNren iritziz, "kasualitate handia da arazo bakarrak Bilbon Europa Leagueko partiduetan eta Ertzaintzak antolatutako dispositiboan gertatzea".

Jazarpena salatu dute

HNTk ez du mugatzen bere aurkako "kriminalizazio eta desinformazio kanpaina" joan den otsailaren 22ko partiduan gertatutakora. Ohar batean taldeak azaldu duenez, "azken urteetan komunikabide ugaritatik eta Lakuako Segurtasun Sailetik kriminalizazio eta jazarpen kanpaina jasan dugu". Horren erakusle dira "azken bi urteetan jasotako 60 isun administratiboak".

"Jazarpen polizial horren barne", Herri Norteko kide batzuk "Ertzaintzak abordatuak izan dira beraien lanpostuetan eta ikasketa guneetan, mehatxuak jasoz".

Era berean, jazarpen horren baitan kokatu du taldeak Ertzaintzaren esku-hartzea Ipar Haizea elkartean, "legez kanpoko kontzertu bat egiten ari ziren aitzakiapean". Gogor salatu du poliziek "pegatinak eta dirua eramatea, inongo azalpenik eman gabe, eta sarrera eta erregistro hori zergatik egin zuten adierazi gabe". 

"Ezkutatzeko ezer" ez duela dio HNTk, eta bere aldarrikapenekin jarraituko duela zelai barruan eta kanpoan. 

Albiste hau Bilboko Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.