argia.eus
INPRIMATU
Herri mugimenduarentzat komunikazio tailerrak antolatu ditu Ahotsak
  • Ahotsa.info hedabideak herri mugimenduei zuzendutako komunikazio teknika eta erremintei buruzko ikastaroak antolatu ditu Iruñean.

Ane Lusarreta 2014ko maiatzaren 26a
Komunikabideen eta herri mugimenduen arteko erlazioa landuko dute ikastaroetan.

Hainbat tailer prestatu dituzte, ikus-entzunezko gidoiak nola egin, prentsa-bulegoak nola kudeatu eta komunikabideekin nola erlazionatu azaltzeko, besteak beste.

Ikastaroaren helburua eragile politiko eta sindikalen eta herri mugimenduen arteko komunikazioa hobetzen ikastea dela azaldu dute.

Lehenengo tailerra Arantza Santestebanek eskainiko du, hilaren 31n: ikus-entzunezko gidoien eraketari buruz arituko da. Dokumentalen eta fikziozko lanen gidoi-idazketa nola egin azalduko du.

10:00etatik 19:00etara izango da ikastaroa eta 20 euro balio du izen emateak.

Bigarren ikastaroari dagokionez, prentsa-bulegoen kudeaketa eta hedabideekin eduki beharreko harremanari buruz arituko da Mirentxu Iribarren, ekainaren 2an eta 6an goiz eta arratsaldez.

Sergio Labayenek erakundeen prentsa aparatua nola antolatu azalduko du, eta Aritz Intxusta eta Martxelo Diaz kazetariek herri mugimenduen eta komunikabideen ateko erlazioaz hitz egingo dute.

Bigarren ikastaroan 50 euroren truke parte hartu ahal izango da.

Bideogintza tailer praktikoak

Ahotsa.info-ko kideak ez dira antolaketaz soilik arduratu. Hedabide horretako kazetariek Adobe Premiere programarekin oinarrizko bideo edizio ikastaroa eskainiko dute ekainaren 9tik 13ra. Kazetariaren segurtasun irizpide eta legalitateari buruzko eztabaida ere antolatu dute eta sortutako bideoak nola zabaldu azalduko dute.

Adobe Premiere nola erabili badakitenek maila aurreratuko edizio ikastaroan After Effects programa erabiltzen ikasi ahal izango dute. Besteak beste grafismoa, goiburuak eta audio edizioa landuko dira ikastaro horretan. Tailer bakoitzak 50 euro balio du.

Izen emate epea hilaren 30a arte irekita dagoela jakinarazi dute Ahotsa.info-ko kideek, izena emateko LAB-en Iruñeko egoitza nagusira jo behar da, Arga Ibaia kalean. Parte hartzaile kopurua mugatua izango dela adierazi dute antolatzaileek.