argia.eus
INPRIMATU
Patruila herritarrak jarriko ditu martxan auzapez eskuindar batek Okzitanian
  • Robert Menard Beziersko (Okzitania) alkateak iragarri du “Beziersko guardia” eratuko dutela emergentzia egoera indarrean dagoenerako. Fronte Nazionalaren gertukoa da Menard, eta alkate denetik polemika ugari sortu ditu hartutako zenbait neurrigatik.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko abenduaren 04a
Menardek adierazi du Frantzia “garai zail” batean dela, eta “Bezierseko guardia” dela segurtasuna indartzeko bidea

Herritarren miliziaren lana izango da edozein “ekintza susmagarriren” berri ematea. Emergentzia-egoera indarrean dagoenean arituko da, eta herriko kaleak patruilatzeaz gain, guardiak egingo dituzte eskoletan eta eraikin publikoetan. Ez dute armarik izango, baina bai Beziersko poliziarekin etengabe kontaktuan jartzeko irratia.

Udalak jakinarazi duenez, sortu nahi duten herritarren miliziarako “segurtasunean esperientzia” duen jendea aukeratuko dute: polizia, jendarme, militar eta suhiltzaile ohiek eman ahalko dute izena. Eguenean hasi da aukeraketa prozesua.

Menardek adierazi du Frantzia “garai zail” batean dela, eta “Beziersko guardia” dela segurtasuna indartzeko bidea. Polizia sindikatuek salatu dute polizien lana dela zaintza, modu legalean egin behar dela eta jubilatuak lan horretarako “lekuz kanpo” daudela.

2014an Beziersko alkate aukeratu zutenetik, Menard ezagun egin da Frantzian hartutako neurri polemikoengatik: eskoletan ikasle musulmanen kopuruak ezarri zituen eta etxeratze agindua jarri zuen indarrean adingabekoentzat hiriko auzo batzuetan. Aurreko astean Beziersko meskitetako buruei sei puntuko akordio bat sinatzea proposatu zien. Besteak beste, frantsesez predikatzea eskatzen zien.

Ezaguna egin zen Siriako gerratik ihesi etorritako errefuxiatuekin izandako jarrerarengatik ere. "Ez zarete ongietorriak" adierazi zien, bideo honetan ikusten denez.