2016 Europako Kultur Hiriburutzaren inaugurazio egun nagusian, Donostiako Piratek herri kulturen aldeko brindisa deitu dute larunbatean 18:00etan. Horretarako Donostiako norbanako, elkarte eta mugimduei gonbidapena egin die hasiera batean Boulevarrean egitekoak ziren eta azkenean Alderdi Ederrera mugitu duten ekimenerako.
Asteburuan hainbat hedabidetan argitaratu duten "2016an ere Dono$tia eta €ultura abordatu" iritzi artikuluaren bidez eman dute honen berri. Bertan, 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren barnean ekimen interesgarriak daudela adierazi eta kultur eragileei zorte ona opa ostean, adierazi dute kultur ereduen arteko elkarbizitza arauak "boterea duenak" jartzen dituela, Kortxoenea Gaztetxearen eraisketarekin argi geratu denez beren ustez.
"Nabarmena da DSS2016.EU egitasmoa ez dela Donostiako kultur eragileon ekimenez sortutako proiektua; goitik behera datorren eskema bati erantzuten dio, eta, horren guztiaren atzean, kulturak zenbaterainoko garrantzia duen zalantzagarria zaigu", diote.