argia.eus
INPRIMATU
Erabakitzeko eskubidea
Herri kontsultak ekainean Bretainiako lurraldeak batzeari buruz
  • Ekainean Bretainiako zortzi herrietan egingo dituzte herri galdeketak. 17.000 pertsona baino gehiago daude bozkatzera deituak eta lehen aldiz, Bretainiako bost eskualdetan egingo da galdeketa: Bretainia ofiziala osatzen duten lauetan eta Loire-Atlantiquen.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko maiatzaren 13a
Orain arte Bretainian egindako kontsultetako baten irudia. (Argazkia: Dibab).

Zortzi herritan egingo da galdeketa: zazpik ekainaren 7an bozkatuko dute eta besteak ekainaren 14ean.

2014an hasi zen Dibab plataforma gaiaren inguruko galdeketak egiten herrietan. Orain arteko hiru kontsultetan, erroldaren %15 eta %20 arteko parte-hartzea egon da. Lurraldeen bateratzearen aldeko bozak %75 eta %80 artean egon dira.

Bigarren galdera bat ere egin izan da kontsultetan Bretainiako Biltzarra eratzeari buruz eta Bretainia bateratzearen alde bozkatu dutenen gehiengoak baiezkoa eman dio horri ere. Instituzio horrek lurralde kontseiluen eta kontseilu orokorren konpetentziak izango lituzke.

Galdeketen bultzatzaileek adierazi dutenez, “Bretainiaren etorkizun hobeagoaren inguruko debatea sortzea da asmoa, jendearengandik gertuagokoa eta demokratikoagoa izango dena”. Nationalia atariak jaso duenaren arabera, 2014an Frantziako Biltzar Nazionalak ez zituen Bretainiako muga administratiboak aldatu Frantziako lurralde maparen erreforma egitean. Dibab mugimenduak bretainiar lurraldeen bateratzea eskatzen zuen erreforma horren bitartez. Azaldu dutenaren arabera, “Frantziako Gobernuak herritarrei galdetu ez zienez, guk egingo dugu”.