Katalunian 155. artikulua ezarri izanaren aurka eta erabakitzeko eskubidearen alde manifestaziora deitu dute, larunbaterako, Gure Esku Dagok, EH Bilduk eta gehiengo sindikalak. Mobilizazio deialdi horren karietara hitz egin dugu EH Bilduko legebiltzarkide Maddalen Iriarterekin. “Espero dugu manifestazio hau ere aurrekoak bezain arrakastatsuak izatea, asko dago-eta jokoan”, esan digu.
Zer dago jokoan, zehazki?
Demokraziaren alde bilduko gara, Espainiako Estatuak erakutsi duelako inposizioa, zigorra eta kartzela direla bere hizkuntzak; ez da estatu demokratikoa, eta aldarrikatzen duen legalitatea zapaldu dezakeela uste du. Herri honen etorkizunagatik egon behar dugu larunbateko manifestazioan, edozein proiektu defendatzeko aukeraren alde, erabakitzeko eskubidearen alde, ikusten ari baikara 155. artikuluaren aplikazioa etor dakigukeela, hemen ere urrats jain batzuk ematekotan. Argi utzi dute independentismoa onargarria dela intimitatean, teoria hutsean, baina hura gauzatzea ez.
Egunotan 155a Katalunia ez beste herrialde batzuei ezartzeko mehatxuak entzun izan ditugu PPko zenbait politikariren ahoetatik, izan ere.
Esango nuke Euskal Herrian de facto ezagutu dugula 155a jada. Besteak beste, Gasteiz eta Iruñeko legebiltzarretan onartutako legeak, Madrilen gustukoak ez direnak, Konstituzio Auzitegiaren bitartez bertan behera utzita. 155. artikuluaren aplikazioa horren guztiaren azken ukitua da.
Aurrekoan EAJk bat egin zuen manifestazio deialdiarekin, oraingoan ez.
Oraindik orain jakin dut EAJ ez dela manifestazioan egongo. Uste dut euskal herritar oro egon daitekeela 155aren aurka; EAJren boto-emaileak ere egon daitezke manifestazioan. Edozein kasutan, herritarrek erakutsiko digute, ardura politikoak ditugunoi, demokrazia gehiago nahi dutela.
Eusko Legebiltzarrak Kataluniako Errepublika aitor dezan urratsak iragarri zenituzten. Nola doa prozesua?
Legez besteko proposamena eginda dago, eta Legebiltzarreko erritmoen araberakoak dira hurrengo urratsak, motel doa. Zer gerta daitekeen? Joseba Egibarrek esan du bera izango zela lehena Kataluniako Errepublika aitortzen; nik pozez ipiniko dut nire sinadura berarenaren alboan.