argia.eus
INPRIMATU
Iruñerriko gazteek ezkutatuta jarraituko dute, epaiaren berri izan ostean
  • Maider Caminos, Aritz Azkona eta Mikel Jimenez Iruñerriko gazteak absolbitu ditu Espainiako Auzitegi Gorenak eta Xabier Sagardoi eta Luis Goñi kondenatu. Epaia ezagutu eta berehala lehenengo protesta ekintzak egin dira Iruñean eta Barañainen.  Iruñeko elkarretaratzean Ibai Iriarte Eleak-eko bozeramaileak adierazi duenez, kondenatuek zein gainerako hiru auzipetuek ezkutatuta jarraituko dute oraingoz.

ARGIA @argia 2013ko uztailaren 24a

Barañaingo Gazteria Aurrera plataformak etxeetako balkoiak zapi eta bandera laranjaz janztea proposatu du. Larunbatean Amaiurren herri harresia osatzeko deialdia egin du Eleak mugimenduak.

Epaia jakinarazi aurretik, atxiloketa saihesteko ezkutatzea erabaki dutela jakinarazi dute Iruñerriko bost gazte auziperatuek. Ikus-entzunezko hau zabaldu dute haien arrazoiak helarazteko:

Bideoan diotenez, uztailaren 3az geroztik "jarraitu egin dituztela" sentitu dute. Ez  daude haien "militantzia politikoagatik" atxilotzea onartzeko prest eta militantziarekin jarraitu ahal izateko erabaki dute ezkutatzea. Atxiloketa zein epaiei erantzun irmo bat emateko deia egin dute.

Larunbatean Amaiurren

Larunbatean herri harresia osatuko dute Amaiurren, salbuespen politikak salatu eta atxiloketa arriskuan daudenei babesa helarazteko. Eguerdiko 12:00etan egingo da ekimena,  Harriz harri, herriz herri, herri harresia eraikitzen lelopean.

Eleak mugimenduak deitutako elkarretaratzean, irtenbidea eskatuko dute epaileak kondenatu berri dituen Sagardoi eta Goñi Iruñerriko gazteentzat, “egoera beretsuan dauden beste hainbat euskal herritar ahaztu gabe": martxoaren 29ko grebaren karietara atxilotutako lauak, Segiko kide izatea egozten zaien gazteak eta “herriko tabernen auzia” izenarekin ezaguna den 35/02 sumarioko auziperatuak.

Txerra Bolinaga bozeramailearen hitzetan, “une honetan, herri harresiaren eraikuntza-lanen erdigunea Iruñea da, baina auzi gehiago abiatzearekin batera, erdiguneak biderkatu egin behar ditugu”. Dioenez, espainiar estatuak “mendeku eta eraso politika aplikatzen jarraitzen du”. “Horri erantzuteko ibilbidea egin dugu, baina oraindik ez da amaitu. Bide horretan, hitzordu garrantzitsua da Amaiurren larunbatean duguna”

Ekimena Amaiurren kokatzeak “balio sinbolikoa” du Bolinagaren arabera. 500 urte bete dira aurten, Nafarroako erresumaren azken gotorlekua zena Gaztelako erregearen tropek hartu zutenetik.