argia.eus
INPRIMATU
Herri harresia altxa dute langileek Inasako makinaria eraman ez dezaten Irurtzunen
  • Inasako langile ohiek eta Sakanako bizilagunek herri harresia antolatu dute makinaria enpresatik eraman ez dezaten saiatzeko. LABek eta langileen asanbladak azaldu dutenez, garai bateko Reynolds berriro ere irekitzeko aukera bakarra tresnak bertan geratzea da, eta horretarako, ezinbestekoa da herritarrak harresian mantentzea.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko maiatzaren 24a

Makinaria erosi nahi duen Bridgnorth Aluminium Limited enpresako ordezkariak pabilioi barruan eduki dituzte atera ezinik. Guardia Zibilaren hiru unitate gerturatu dira, eta harresiko antolatzaileek  jakinarazi diete makinak, eta ez ordezkariak, atxiki nahi dituztela. Autoan gailu elektronikorik eraman ez dutela konprobatzerakoan, istilurik sortu gabe atera dira.

Langile batzuk kanpoaldean geratu dira lotan, eta alarmak piztuz gero, herriari gerturatzeko deia egingo diote, makinak eraman ez ditzaten.

Sakanan LABeko idazkari Gaizka Uhartek esan duenez “salmenta oztopatzeko bideak daude”. Izan ere, sindikatuek azpimarratu dute Inasa erosi nahi duten inbertitzaileak egongo liratekeela. Beste norbaitek lantegia erosi nahiko balu, enpleguaren araberako irizpideak lehenetsiko dituzte, administratzaileek sindikatuei esan dietenaren arabera. LABen ustez, “hurrengo 48 orduak erabakigarriak izango dira”.