Donostiako udal gobernuak herri galdeketen araudiaren proposamena aurkeztu du astelehenean. Prozesu sozial baten bitartez landu du araudia eta Donostian erreferendum izaera ez duten hiritar kontsultak arautu nahi ditu.
Otsailean edo martxoan onartu nahi dute proposamena. Berriak jaso duenez, toki izaera eta interes publikoa duten gaiei buruz herritarrek galdeketak antolatu ahal izango dituzte, udal eskumenekoak badira, beti ere.
Galdeketak antolatzeko erraztasunak
16 urtetik gorako herritarrek bozkatu dezakete kontsultetan, eta urtean gehienez bi galdeketa egin ahal izango dira.
Galdeketak antolatzeko, aski izango da Donostian erroldatutako 16 urtez gorako biztanleen %4en sinadurak biltzea, gaia hiri osoari buruzkoa bada. %8a ordezkatzen duten sinadurak beharko dira, aldiz, hiriaren eremu zehatz bati buruzko galdeketak antolatzeko.
Aldi bakoitzean gai bat baino gehiago jarri ahal izango dira kontsultapean.
"Diskriminaziorik eza" bermatzeko konpromisoa
Udal gobernuak edo udalbatzarrak emango du galdeketa egiteko baimena.
"Gardentasuna, erakunde neutraltasuna eta diskriminaziorik eza" bermatu beharko ditu, besteak beste, eta ez du onartuko “pertsonen duintasuna, funtsezko eskubideak nahiz askatasun publikoak zalantzan” jartzen dituen kontsultarik.