argia.eus
INPRIMATU
Herri epaiketak espainiar Estatua erruduntzat jo du
  • Askapenako bost kideen aurkako epaiketarako aste baten faltan, atzo Iruñean Herriak Libre plataformak herri epaiketa egin zion espainiar Estatuari. Zigor epaia:herrien zapaltzaile eta estatu inperialista izatearen errudun.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko urriaren 13a
Milaka pertsonek adierazi zioten elkartasuna bost auzipetuei Iruñeko kaleetan zehar egindako manifestazioan.

2010ean atxilotu zituzten WalterWendelin, Gabi Basañez, Aritz Ganboa, David Soto eta Unai Vazquez Askapenako kideak Pablo Ruz epailearen aginduz. Akusazioak sei urteko espetxe zigorra eta Askapena, Askapeña, Herriak Aske eta Elkar Truke legez kanpo uztea eskatzen du.

Epaiketaren aurka protesta egiteko, uztailaren 5ean Herriak libre dinamikak herri epaiketak egitera deitu zuen. Ordutik hona, hainbat egin dira Euskal Herrian (40tik gora herri eta auzo ezberdinetan) zein Euskal Herritik kanpo (Bartzelona, Paris, Bretainia, Malaga, Madril, Buenos Aires, Caracas, Lisboa, Bogota, Brescia eta Val di Susa). Azkena, atzo Iruñean egindakoa izan zen.4.000 pertsona inguru bildu ziren.

Martxa hasi baino lehen espainiar Estatuaren aurkako akusazio bana irakurri zuten Aritz Ganboak, Eulalia Reguantek, MireiaMochalesek, Roberto Awanarik eta Sabino Cuadrak.Euskal Herriarekiko “jarrera inperialista” izatea, norbanako eta kolektiboen eskubideak urratzea, Mendebaldeko Sahararekiko “zor historikoa”, Amerikako herri indigenei baliabide naturalak osten jarraitzea eta NATO erakunde “kriminalean” parte hartzea izan ziren akusazioak.

13:00ak aldera, epaiketa bukatuta abiatu zen martxa Antoniutti parketik. Joaldunek ireki zuten martxa, eta euren atzetik zihoazen herri ezberdinen banderak zeramatzaten gazteak. Ondoren, bost auzipetuak Askapena erakundeko beste kideekin batera besotik helduta. Martxa Baluartera iritsi zenean espainiar Estatuko boterearen hainbat sinbolo aurkitu zituzten: militarrak, epaileak, enpresariak edota elizaren buruak.

Zapatak Espainiako Estatuaren sinboloen aurka

Iraken egindakoengatik, Muntazer Al Zaidi kazetari irakiarrak George W. Bushi zapata bota zionean egin zen ezagun keinua. Gerora, 2013an, CUPeko David Fernandezek berreskuratu zuen Rodrigo Ratori zapata erakutsi zioenean “boterearekiko mespretxu” gisa. Atzo, Iruñean espainiar Estatuaren sinboloen aurrean “mespretxu” mezu bera irudikatu zuten. Parte hartzaileek, antolatzaileek banatutako zapatak bota zituzten Espainiako botere sinboloen aurka.

Protesta bukatzeko, Itsaso Lekuona Askapenako kideak espainiar Estatuaren aurkako epaia irakurri zuen. Espainiar Estatua, estatu inperialista eta herrien zapaltzaile izatearen erruduntzat jo zuten.