argia.eus
INPRIMATU
Ipar Euskal Herria egituratzeko “aukera historikoa” baliatzeko asmoz Batera karabana
  • “Aldaketa nagusi batzuen bezperan gira, aukera historikoa dugu lehen aldikotz Euskal Herria egituratzeko eta Akitania eskualdeko bigarren indar publikoa bilakatzeko". Batera plataformak Ipar Euskal Herria egitura instituzional batean bateratzea lortzeko kanpaina berezia antolatu du: herriz herri ibiliko den karabana. Horretarako crowdfunding kanpaina abiatu du.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2015eko urriaren 21a
Batera Karabana sustatzeko egin duten irudi muntaia.

Ipar Euskal Herriko 158 herriko etxeek izango dute azken hitza. Apirilean edo maiatzean Herri Elkargoaren alde ala aurka dauden erabakiko dute. "Baterako karabana” herriz herri ibiliko da herritarrei Herri Elkargoaren planteamendua azalduz, eta adostasuna bilatzea jarri diote helburu beren buruari.

“Denen ulermena segurtatzeko gai konplexu horri buruz, dokumentu pedagogikoak idatziko ditugu. Herritar guziekin hitz egiteko asmoa dugu adosmen zabala sortzeko gure herrietan, bertzeaz bertze hautetsien artean Euskal Herri Elkargo baten alde”, diote.

Bateraren ustez, Herri Elkargoa “xutik jartzeko kudeaketa tresna eraginkorra” izango da, bai tokiko proiektuak sustengatzeko, barnekalde eta kostaldearen arteko oreka segurtatzeko, eta lurralde osoan eskumen estrategiko nagusi batzuen inguruan politika publikoen koordinatzeko ere.

Karabana finantzatzeko, crowdfunding kanpaina abiatu dute, eta egun gutxian 2.300 eurotik gora eskuratu dituzte. 10.000€ behar dituztela aurrikusi dute gaiai buruzko lanketa egiteko materala sortu eta Ipar Euskal Herriko herri guztietara heltzeko.

Batera plataforma 2002an sortu zen lau aldarrikapenen inguruan: euskararen ko-ofizialtasuna, Euskal Herriko Laborantza Ganbara sortzea, Unibertsitatea eta lurraldearen ezagupen instituzionala. Azken aldarrikapen horren inguruan erregularki agertu da plataforma azken urteetan: 2010eko herri kontsulta, herritar foroak, bide blokatzeak eta bertze manifestaldiak kasu.

Larunbatean manifestazioa

Euskal Konfederazioak eta Batera plataformak manifestazio "biziki garrantzitsua" deitu dute larunbatean Baionan euskararen ofizialtasunaren eta Herri Elkargoaren alde. Deitzaileek mobilizazio garrantzitsua izango dela ohartarazi dute. 17:00etan abiatuko da Xaho kaitik.

Bretainian, Korsikan, Okzitanian eta Alsazian ere egun berean manifestazioak egingo dira hizkuntza propioen ofizialtasuna eta aitortza instituzionala eskatzeko.