Ipar Euskal Herriko kazeta.eus agerkariaren arabera, Herri Elkargo bakarrerako batzorde eragilea ia osatuta dago, Baionako bigarren ordezkaria izendatzea besterik ez da falta.
Hamar elkargoetako ordezkariak izendatuta daude. Anartean, Baionako auzapez Jean-René Etchegarayk ez du bere bigarrena izendatu: Sylvie Durruty ala Martine Bisauta axurantak dira hautagaiak. Dagoeneko 28 kide ari dira lanean.
Esanguratsua da Euskal Kosta Aturri Hiriguneko ordezkariak elkargo bakarraren aurkariak izatea: Claude Olive, Michel Veunac, Guy Lafite, Emmanuel Alzuri, Jean-Pierre Laflaquière eta Francis Gonzalez. Aurkarien artean dira ere Eric Narbais-Jaureguy eta Jean-Jacques Loustaudaudine, Amikuzeko herri elkargokoak.
Herri elkargoen ordezkarien zerrendan Hendaia ez dago, Hego Lapurdi Hiriguneko herri handiena izan arren. Donibane Lohizune, Arbona, Sara eta Urruña aldiz badaude.
Jean-Paul Badie eta Xavier Aspord, hurrenez hurren, Euskal Kosta Aturri eta Hego Lapurdi Hiriguneko zuzendari nagusiek gidatuko dute lan taldea. Egungo herri elkargoetako zuzendari nagusiek eta Battitta Boloquy Hautetsien Kontseiluko zuzendariak ere osatuko dute Batzorde Teknikoa deitua.