argia.eus
INPRIMATU
Herri ekologiko izateko bidean Alegia
  • Hirigintza plan berritzailea martxan jartzera doaz Gipuzkoako udalerrian, eta helburu garbia du: herri ekologikoranzko bidea urratzea.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko ekainaren 07a
(Argazkia: gipuzkoamuseobirtuala.net)

Arau subsidiarioen fase berria lantzen hastearekin batera atera da ideia. Euskadi Irratiko Faktoria saioan egindako elkarrizketan azaldu du Unai Iraola Alegiako alkateak. Udal arkitektoekin bioeraikuntzaren aukerak aztertzen ari dira, eta hari horri tiraka heldu dira Salvador Rueda arkitektoaren ‘Hiri ekologikoa’ dokumentura. Etorkizuneko garapen urbanistikoa eta hirigintza neurriak nolakoak izango diren zehazten ditu planaren zirriborroak.

Bizi filosofia eraikitzeko nahia

Gizarteko hainbat erpin jarri nahi dituzte eredu jasangarriagoranzko norabidean: energia kontsumoaren murrizketa, kontsumitzen dena berriztagarria izatea, uraren kontsumo arduratsua, garraio publikoa, hirigintza eredua eta zerbitzu publikoen antolaketa, besteak beste.

“Kontziente izan behar dugu zein eredu globaletan bizi garen”, dio alkateak, “hirigintza planak eta txostenak, esaterako, oso zehatz eta lotuta iristen zaizkigu. Guk Alegiara moldatutako dokumentu bat sortu nahi dugu, herri ekologikoa helburu hartuta proiektu bakoitzari egokitutako bidea egitea ahalbidetuko digun dokumentu malgua”.

Unai Iraola alkateak adierazi du norabide horretan pausuak emateko Udaletik herritarrei laguntza emateko asmoa dutela, dela diru-laguntza, aholkularitza edo onura fiskal bidez.

Udalak prestatu duen plan zirriborroa jendaurreko erakusketan egongo da bi hilabetez herritar guztiek ikus dezaten.