argia.eus
INPRIMATU
Herri bazkari sinbolikoa Berangoko Burger King-en, “lan prekarioan egositako zabor janaria”-ren aurka
  • Tosu Betirako asanbladak deituta, hogei bat lagunek herri bazkaria antolatu dute Berangon eraiki berri den Burger King-ean. Bertako mahai eta aulkiak erabili dituzte bertoko produktuekin egindako bazkaria jateko, han zeuden bezeroei “Big PNV menua”-ren aurkako idatzi bat ematen zieten bitartean. Tosun aparkalekua eraikitzeko asmoarekin eta Berangon merkataritza gune erraldoia egin izanarekin desadostasuna agertu dute horrela.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko irailaren 25a
(Argazkia: Unai Brea)

Tosu Betirako-ko kide bat bizikletaz joan da Burger King-ak autoz doazenak artatzeko duen leihatilara, eta bertako hainbat produktu eskatu eta gero –halakorik ez daukatela erantzun diote zerbitzariek– jatetxean sartu eta hango mahaietan bazkaltzen hasi dira ekintzan parte hartu dutenak. Aldi berean, idatzi labur bat banatu dute, Uribe Kostan EAJk darabiltzan politikak salatuz.

Jatetxera sartu baino lehen, Tosu Betirakoko kide batek bertako produktuekin egindako menua eskatu du autoz doazenak artatzeko leihatilan. (Arg.: Unai Brea)

Zehazki, Anabel Landa eta Imanol Landa Berango eta Getxoko alkateak kritikatu dituzte, jeltzaleek “inposatu gura digun menuaren pintxe-ak” izateagatik: “Lehenengo platera, porlana, asfaltoz ondua. Bigarrena, zabor janaria lan prekarioarekin egosia. Postrerako gasolina sorbetea”. Berangoko Udalak Burger Kinga eraikitzeko baimena ematea ez ezik –beste marka batzuen gune erraldoiekin batera–, bertan lanpostuak sustatu izana salatu dute.  

Bazkaltiarrek Baratze bat kantua abestu dute, eta jatetxean ordu laurden inguru eman ostean bazkaria jaso eta mahaiak garbitu dituzte, Ertzaintzaren auto bat iritsi den une berean. Behin jatetxearen kanpoko aldean, Tosu Betirakoko kide bi identifikatu dituzte ertzainek.

Hona hemen ekintzari buruz osatu duten bideo laburra:

Bestalde, gaur gauean ahalik eta jende gehien kanpin-denda eta lo-zakuekin Tosura joan dadin eskatu dute, "astelehenetik aurerra desalojo arriskua oso handia izango da eta".