Gure Esku Dago mugimenduak milaka lagunen aurrean irakurritako mezua jarraian:
"Gure Esku Dagoren sorrerak bagenekiena agerian jartzea eragin zuen. Erabakitzeko eskubideak batu egiten du eta etorkizuna herritar denok eraikitzeko tresna, giltza, nagusia da. Iruñea eta Durango arteko 123 kilometroko irribarrea horren adierazle izan zen, herritarrei begira jarri zen Gure Esku Dago, erabakiaren bidetik urratsak ematen hasteko. Herritar anitzak, ezberdinak... baina gaur guztien oihalak elkarri josi eta hautetsontzi bakar bat eraikitzeko gai izan direnak.
Ez ginen aldarrikatzeko soilik jaio. Gaur, bost euskal hiriburutan erabakia ahalbidetuko duen hautetsontziari, erabakiari berari begira jarri gara milaka euskal herritar, denon borondateek ehundu duten hautetsontzi horri begira. Abiapuntu horretatik, erabakiaren aroa hasten dugu gaur, dinamika honen fase definitiboa, behin-betikoa; gaur hasi eta erabakiaren egunean amaituko den azken txanpa.
Bide orria marraztu genuen ikasturte hasierako mosaiko erraldoian. Euskal Herriak bere hautetsontzi propioa eraiki behar du erabaki ahal izateko. Borondateak ehundu behar ditugu horretarako eta horretan aritu gara sortu ginenetik. Borondateak ehundu; zer, nola eta noiz adostu; eta azkenik, erabaki. Hori da bidea.
Dinamika honen eskaintza euskal herritarrei hirukoitza da. Anbizioa eskaintzen diogu, determinazioa eta herritarren borondatea. Azken helburura iristeko ezinbestekoa den grina, anbizioa. GU-RE ES-KU DA-GO esateak berak dakarren determinazioa, jarrera, txip aldaketa; eta oihal zati horietako bakoitzean islatzen den milaka herritarren borondatea, aldarri duguna egikaritzeko.
Erabakitzera goaz, gaur Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean erabakiaren aroa hasten da, dinamika honen fase definitiboa, erabakitzen hastera goaz, erabakiari eta hautetsontziari begira jarri gara jada, eta horretara goaz.
Etorkizuna, elkarrekin, erabaki dezagun.
Eraiki dezagun gure hautetsontzia, biharko erabakia.
Herri bat garelako, herritarron garaia delako, erabakitzeko eskubidea dugulako eta, batez ere, gure Esku Dagoelako; Gure... Esku... Dagoelako... Har dezagun bidea!"