Ez da berria, lehen ere ezagutu ditugu horrelako egoerak. Bere garaian hartutako erabakiaren emaitzak okertzen doazenean, zuzentzeko nahiko denbora balego bezala, eta ez da egia.
Hitz politak, itxaropentsuak, euskal gizartean pozik entzuten direnak, bai, baina badut beldurra, beste behin ere, norberaren betiko bidetik ez ote garen nabarmenduko, nahiz ustezko helburu berberak edo antzekoak bultzatu.
Hori da grabea nire ustez. Herri bat omen gara, baina ETAren amaieraren amaiera ongi gizarteratua egon arren, “oraindik” bakoitza bere tesian murgilduta jarraitzen dugu. Betiko bide beretik doa.
Gorde samarra daukagu, egia, baina ez da argazki polita. Hala edo hola, indar politiko “abertzaleak” multzoka eta mezu paraleloekin. Eliza bere aldetik, gordeta eta isilik, eta itxuraz, gehienei ez die axola besteak zertan dabiltzan.
Egunero eraso berriak euskarari eta horiek ez dira alderdi arazoak, alderdiren bati edo besteri doazkion arazoak. Guztienak ez badira, ez gara ezer guztiok.
Nire ustez, Euskal Herri osoaren arazoak, holako estatu boterearen gehiegikeriak, edozeini doakion printzipiozko arazo bat da besterik gabe. Horrelakoen aurrean, ez dut uste Ezker Abertzaleari bakarrik dagokionik aurre egitea. Ez dut ikusten zentzu nazional askorik, ezta zentzu zibiko handirik ere. Pradales jaunaren erretorika difuso hutsa, besterik ez.
Lehenago, torturen arazoak, esate baterako, herri hau bero-bero jartzen zuen, torturatuek zein alderdikoak ote ziren asko galdetu gabe. Egun, horrelakoak sektore jakin baten –“Ezker Abertzalearen”– arazo bezala geratu dira.
“Demokraziak” zatikatu egin gaitu. Giza eskubidean defentsa taldekatu, alderdikeriaz egin da. Hau da, gizakia, zatikatu egin dute. Giza eskubideak, duintasuna, pertsona bera, Euskal Herria, ez dira berdin sentitzen nork bere alderdiaren eta bestearenean.
Lehen Euskadi aipatzen genuenontzat, izen horrek exijentzia batzuek adierazten zituen. Exijentzia demokratiko eta humanistak. Herri eta giza eskubideen defentsa koherentea. Jarrera garbi bat, ideologien gainetik. Oportunismorik gabe
Borroka soziala eta politikoa ere banatzen ari dira, baita borroka politikoa eta kulturala ere. Orain ikusten da, orduan baino askoz hobeto frankismoaren pean ginela, gure Euskadi-ren kontzeptua. Orduan batzuek kritikatu ohi zutenaren aurka, ez zela politiko hutsa, “nazionalista” hutsa, kontzeptu formal soila eta indeterminatua, eduki sozial konkreturik gabekoa. Politiko hutsa eta formal soila, orain ari da bilakatzen.
Orain bai –nahiz ez den gaurkoa– ari da Euskadi-ren kontzeptua estatutu baten interes konkretu batzuen neurri eskasak hartzen. Hauek dute gaur Euskadi-ren kontzeptua sostengatzen, alderantziz beharko lukeena.
Lehen, frankismoaren pean, karga demokratiko eta humanista aberatsa zuen oraindik Euskadi-ren kontzeptuak. EAJtik ETAraino, guztiak gai ginen espetxean, preso komun edo politikoen egoeraz, Euskadi-zale, abertzale gisa gaitzitzeko. Gizakiak, pertsonak, zerbait esan nahi zuen, alderdi eta ideologiarik gabe. Eskubideak haragi eta hezur ziren. Gaur ez.
Lehen Euskadi aipatzen genuenontzat, izen horrek exijentzia batzuek adierazten zituen. Exijentzia demokratiko eta humanistak. Herri eta giza eskubideen defentsa koherentea. Jarrera garbi bat, ideologien gainetik. Oportunismorik gabe.
Euskadi kontzeptuaren inguruan, orduan ere, egitasmo politiko desberdinak bururatzen zirela begi bistan dago. Inork ez du inoiz pentsatu EAJk eta ETAk asmo berdinak zerabiltzatenik. Baina politika bere “inguru guztian” etikarekin mugatzen da. Politikak, beti, pertsonaren eta komunitate bizitzaren sortze bat suposatzen du. Eta zapalkuntzak berak eraginda ere, giza eta komunitate eskubideen kontzientzia bera, askoz biziagoa zen orain baino.
Zuek uste al duzue ba, demokraziaren eta giza eskubideen erreinuan bizi garela, benetan?
Orain Euskadi denek aipatzen dute, PSOE eta PPk ere bai, baina abertzale batzuk beste abertzale batzuen espetxean daude. Batzuen Euskadi, besteen espetxea da. Egun, Euskadi izenak edozer gauza esan nahi du.
Baina ez dezagun nekearen nekez orain amore eman, “errealitatearen” aurrean, eta terrore frankistaren urte beltzetan zein zen gure guztion xedea ahaztu. Euskadi egin nahi genuen. Gu guztion xedea zen Euskadi berregitea, gure guztiona.
Baina Euskadi, gure helburuetako Euskadi, ez zen formula politiko abstraktu bat, ez zen “errepublika” bat soil, paper batetan definitua –hala holako estatuturen bat edo–. Gure ametsetako Euskadi, lehen-lehenik, emakume eta gizon guztientzako sorterria eta aberria bezala bururatzen genuen.
Herri eta pertsona bezala zor zaigun begirunearen espresio eta proiekzio bezala. Edonork bere nortasuna duintasunez burutzeko espazio bezala. Eta hori berdin zor zaigu, errepublika frantsesean zapalduta bizi direnei, edo Amejoramendua eta Estatutuari baiezkoa eman edo baztertu zutenei.
Hemen egunero ikusten ari garenak, ordea, ia izenik ere ez du. Egunak joan, egunak etorri, gaur burla eta bihar, arbuioa eta zanpaketa, eguneroko ogia. Boterearen zinismoak ia marka guztiak hautsi ditu.
Baina ez dezagun baztertu Euskal Herriaren oinarrizko arazo nagusia giltzadura dela. Juridiko-instituzionala, politikoa, kulturala, linguistikoa, etab. Orain, orain bertan, Euskal Herria bere barren-barrendik ari da desartikulatzen, pusketan erortzen. Eta badirudi, ez dugula nahi edo ez dakigula zer egin.
Berriro ere Euskal Herria, alderdi politiko ezagun batzuen eta interes partikularraren gainetik dagoen printzipio bihurtzekotan, hasi beharrean gaude. Printzipio horren exijentziak alde guztietara errotik eta berdin aplikatzen. Alderdiekiko eta haien interesei kontenplaziorik gabe. Oportunismo eta alderdikeria gabe. Sekula gizarte aske bat, herri aske barruan izango bagara.
Josu Iraeta, idazlea