Azken urteotan FCCk –euskal udal asko eta askotan bezala– kudeatu duen kale garbiketa zerbitzua maiatzetik aurrera hiru udalen enpresa publikoa den Garbitaniak hartuko du bere gain Hernanin. Martxoaren 7ko udal plenoan EHBildu eta Orain Hernani (Ahal Dugu-Podemos) taldeen botoekin eman zaio argi berdea aspaldi pribatizatutako zerbitzu publikoen munizipalizazioari.
Ez da askotan entzuten den albistea. Gauza bat baita ezkerreko alderdiek hauteskunde programetan jarri edo sindikatuek beren aldarrikapenetan behin eta berriro aipatzea... eta oso bestelakoa hori gero egia bihurtzeko urratsak ematea. Madrilen Manuela Carmenari gertatu zaion bezala, azken urteotan alde guztietan nagusitu den pribatizazio uholdeari aurre egitea baino are zailagoa da behin pribatizatua publifikatzea: nekez gainditzen dituzte kontratazio publikoetan berezitutako korporazi handien lobby lanaz gain, udal teknikariek eta sarritan baita sindikatuek ere ezarritako oztopoak. Hala ere, gero eta oihartzun handiagoa sortzen du zerbitzuok munizipalizatu edo publifikatzeko nahiak, esate baterako Katalunian.
Hernanin joan den astean onartu du udal plenoak urrats hori egitea, hain zuzen, ia denetan bezala aspaldi esku pribatuetan utzitako kale garbiketaren kudeaketa bere gain hartzea. Gehiengo osoz agintzen duen EHBilduko udal taldearenez gain, Orain Hernani (Ahal Dugu-Podemos alderdiaren lekuko marka) taldearen botoak ere eduki zituen erabakiak.
Zehazki Garbitania enpresa publikoak kudeatuko du maiatzetik aurrera kaleen garbiketa. Garbitania Donostialdeko zenbait udalek sortutako enpresa publikoa da, hasieran hondakinen gaikako bilketean (Atez Ate) aritu dena eta orain jarduera eremua zabalduko duena. Konpainia publikoak bere gain hartuko ditu orain arte FCCn zerbitzu hori bermatu duten langileak.
Albisteaz xehetasun asko eskaintzen dituen Kronikak bildu duenez, Luix Intxauspe alkateak esan du: "Publifikazioaren onurak mota desberdinekoak izango dira: zerbitzuaren eskumena bere gain hartuta, kudeaketa hobeto kontrolatzeko tresnak izango ditu Udalak. Oinarrizko zerbitzu publiko hau ez da merkatuaren menpe egongo eta gardentasuna hobeto bermatu ahalko du Udalak. Era berean, behin publifikatuta, %10eko aurrezpena ekarriko dio Udalari. (...) Kale garbiketaren zerbitzua bereganatuta, kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko konpromisoan beste urrats bat egin du Udalak, urte hasieran industrialdeetako hondakinen kudeaketa bereganatu ondoren".
Orain Hernaniko zinegotzi Jaione Aristregik azaldu zuen alde zergatik bozkatu duten: «Zebitzuak Udalak berreskuratzearen alde gaude. Hau pausu bat da eta azkena ez izatea espero dugu». Aldiz, PSE eta EAJk kontrako botoa eman dute. EAJko Andoni Amonarraizek argudiatu zuen kaleak udalak berak garbitzea garestiago aterako zela. Arrazoi beragatik eman zuen kontrako botoa Ricardo Crespo sozialistak ere, nahiz eta langileak zoriondu zituen beren lan baldintzak orain hobetuak ikusiko omen dituztelako: "Sindikatuekin bildu gara eta langileen egoera hobea izango dela esan digute. Alde horretatik zoriondu egin behar dugu Udal Gobernua, baina bestetik, zenbakiak zalantza asko sortzen dizkigute. Errealitatetik kanpo daudela uste dugu".
Hernanikoa ez da Gipuzkoan kale garbiketa munizipalizatzen lehena. Urrutira joan gabe, 2016an Oñatiko udalak bere gain hartu zuen berriro zerbitzu hori. 2016a arte Oñatin ere FCCk kudeatzen zuen kale garbiketa, baina Goienan Mikel Biain alkateak azaldu zuenez zerbitzu publikoen erraldoiarekin kontratua etetea lortu zuen, konpainiak tratua nabarmenki urratzen zuela erakutsirik. Azkenean, 2018a arte iraun behar zuen kontratua etenda, 2016ko irailean hartu zuen berriro Oñatiko udalak bere gain 1998an pribatizatutako zerbitzua. Herritarrok (baita zaharrenek ere) ahaztua dugula diruen arren, udal zerbitzu publikoak ez baitituzte betidanik kudeatu kontrata pribatuek.