argia.eus
INPRIMATU
Hernaniko LGBT memoria, “Noiz bukatzen da armairua?” liburuan
  • "Lesbianak, gayak, bisexualak, transexualak, transgeneroak, bollerak, maritxuak... Okerrak, ez gara historiagatik galdekatuak izan. Ez digute galdetu nahi izan, eta gure ahotsez eta eskuz sortu dugunean, ezabatua izan da", diote Hiruki Larroxako kideek. Horri aurre egin asmoz, LGBT+ ikuspegi batetik Hernaniko azken 50 urteotako historia jasotzen duen "Noiz bukatzen da armairua?" liburua argitaratu dute.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko ekainaren 17a

Hiruki Larroxa kooperatibako Ibai Fresnedo eta Egoitz A. Albenizek idatzi dute liburua, Hernaniko Udalaren Berdintasun arloak sortutako bekatik eta Berdintasun Kontseiluaren eskariz. Ostegun goiz honetan aurkeztu dute lana, Harrotasunaren Egunaren bezperetan.

Hernaniko herritarrak eurak dira protagonistak, eta euren lekukotzatik kontatzen zaigu azken 50 urteotan LGBT+ herritarrek bizitakoak. 1970eko hamarkadako “itzalpeko iraultza sexuala”, EHGAM eta Medeak elkarteen sorrera, Francisen hilketak eragindako erreakzioak, HIESA, Moio transexualaren suizidioa, internet eta sare sozialen orokortzea, Karbonera babesgunea…

Noiz bukatzen da heterosexualitatea?

Gai ugariren bueltan gogoetatzeko ere baliatu dute liburua, ARGIArako egin diegun elkarrizketan jaso dugunez: LGBT mugimenduan bizirik diren eztabaida eta borroka moldeez, sexu askapenaz, lumafobiaz, korronte erreformista eta erradikalaz, haurren identitatearen eraikuntzaz, espazio bizigarriez, kapitalismo arrosaz... mintzo da lana. Eta izenburuak berak dioen gisan, baita armairuaz ere. "Armairuak hautsi nahi ditugu, baina barruan dagoena zainduz", nabarmendu digu Fresnedok. “Agian galderak izan beharko luke ‘noiz bukatzen da heterosexualitatea?’ –gehitu du Albenizek–, heterosexualitateak sortzen duelako bizi dugun bestetasun eta indarkeria hau guztia. Fokua heterosexualitatean jar dezagun, aztertu dezagun zein arazo sortzen dizkien heterosexualitateak egitura horretatik kanpo geratzen diren disidentzia guztiei”.

"Identitate disidenteak asimilatzen doa sistema, heteroaraura moldatuta"