argia.eus
INPRIMATU
Hernaniko ikastetxeek bat egin dute euskararen erabilera eta euskal kultura bultzatzeko
  • Ikastetxeok kezkatuta daude haien eskoletan euskararen erabilera eta euskal kulturaren transmisioa moteltzen ari direlako. Urtebeteko gogoeta prozesua egin dute eta Gu geok plataforma aurkeztu dute. Ikastetxeotan jauzi bat emateko asmoz dekalogo bat aurkeztu dute.

ARGIA @argia 2024ko urriaren 11
Hernaniko ikastetxeetako ordezkariak Gu geok plataforma aurkeztu zuten egunean.

Hernaniko ondorengo ikastetxeetako klaustroetan onartu dute dekalogoa: Aratz Ikastola, Hernani BHI Institutua, Hernaniko Haurreskola, Langile Ikastola, Txirrita Ikastetxea eta Urumea Ikastola.

Urtebeteko bidean irakasleek, eskolek eta herriko hainbat eragilek hartu dute parte. Ikastetxe guztietako hezitzaileek galdetegi bat bete dute herriko argazkia egiteko asmoz, eta ikastetxetik ikastetxera aldeak baldin badaude ere, joera orokor batzuk identifikatu dituzte: Euskararen erabilera moteldu dela nabaritu dute, eta hizkuntzarekiko kontzientzia lausotu. Euskal kulturaren transmisioa ere apaldu dela ondorioztatu dute. Hizkuntza guztiak berdin tratatzeko joera antzeman dute, hau da, euskara egoera diglosikoan dagoela agertzen ez duen joera ari da indartzen. Euskararen azpiratzeaz jabetzeko baliabide nahikorik ez dute ikasleek, eta ondorioz, gero eta zailagoa da euskalduntze prozesuan pausoak ematea. Beste ondorioetako bat da hizkuntza, kultura eta lurraldea bereizita transmititzeko joera dagoela. Horri lotuta, ikusi dute euskararen lurraldeari eta Euskal Herriaren errealitateari muzin egiten dioten testuliburu eta materialak nagusi direla ikastetxeetan.

Dekalogoa

Plataformako parte-hartzaileek herriak eta bertako eskolek eman beharreko jauzien gakoak bildu dituzte dekalogo batean. Helburu nagusia euskararen erabileran eragitea da.

1- Hizkuntza gaitasunak eta joerak lantzeko ikasgai guztiak eta ikastetxeko egoera guztiak hartuko dituzte kontuan.

2- Euskal hiztun aktiboak sortu nahi dituzte, ez dute nahikotzat hartuko euskara irakastea.

3- Soziolinguistika emango diete ikasleei.

4- Kulturartekotasuna hizkuntza eta kultura gutxituen ardatzetik landuko dute.

5- Euskararen erabilera sustatu eta babestuko duten espazioak sortuko dituzte.

6- Euskaldun izatearen harrotasuna landuko dute.

7- Curriculumean euskal dimentsioa jorratuko dute.

8- Euskararen Herria, Euskal Herria, kontuan hartzen duten testuliburuak erabiliko dituzte.

9- Euskarazko kulturgintzaren zaleak sortzen egingo dute lan.

10- Euskara hezkidetzarekin batera landuko dute.