Hernaniko hamar gazteren kontrako epaiketa gaur goizean hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean. Segiko kide izatea leporatzen diete eta 7 urtetik 9ra bitarteko kartzela zigorra eskatu dute bakoitzarentzat.
2009ko martxoan atxilotu zituen Espainiako poliziak hamar gazteetatik zortzi eta beste bi apirilean euren kabuz joan ziren epaitegira deklaratzera. Baltasar Garzón epailearen aginduz abiarazi zen operazioa eta atxilotuta egon ziren bitartean inkomunikatuta eduki zituzten. Atxilotuetatik zazpik poliziaren eskuetan tratu txarrak jasan zituztela salatu zuten.
Hamar atxilotuetatik zortzi espetxeratu egin zituzten epailearen aurretik pasa ondoren eta fidantzapean aske geratu ziren. Guztien artean 240.000 euro ordaindu dituzte fidantzatan. Horretaz gain, epaiketak eragingo dituen gastuei aurre egiteko hainbat ekintza antolatu dituzte azken hilabetean, besteak beste, bertso saio bat eta pilota partidua.
Larunbatean manifestazioa egin zen Hernanin gazteei elkartasuna adierazteko eta “epaiketa politikoa” izango dela salatzeko. Epaiketaren nondik norakoez azalpenak emateko asanblada informatiboa egingo da Hernaniko plazan gaur 20:00etatik aurrera.
ARGIAk epaiketaren berri emango du Madrildik datozen asteetan, Irati Sarasua kolaboratzailearen kroniken bitartez.
Informazio gehiago:
Hernaniko gazteek euren egoerari buruzko xehetasunak eskaintzen dituen txostena prestatu dute: Hernaniko Gazte Asanbladaren webgunean dago irakurgai.