argia.eus
INPRIMATU
Hernaniko Bexen enpresara iritsi dira milioika maskara ekoizteko makinak
  • Espainiako Armadaren hegazkin batek ekarri ditu ostiralean, 17, Txinako Kunshan hiriko aireportutik hiru makina Hernaniko Bexen Medical konpainiak erabiliko dituenak hilabetean 10.000.000 maskara egiteko, kirurgiarako balioko dutenak. Laugarren makina espainiar militarrek Burgosen daukaten faktorian edukiko dute.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 18a
Hernaniko Ibaiondo poligonoan dago Oiarso Bexen Medical. (Argazkia: Efe)

Hernaniko Kronika-k duela hamabost egun kontatu zuenez, martxoaren 13an hasi zen dena, Oiarso Bexen Medical enpresak deia jaso zuenean, Medikamentuen Espainiako Agentziatik, laguntza eske. "Gurekin harremanetan jarri ziren –azaldu du Carlos Arsuaga gerenteak–, galdetzeko ea posible ote genuen maskarillak, batak eta horrelakoak egitea. Esan genien ez dela guk egiten dugun produktu mota, baina lagundu genezakeela. Ospitaleetarako produktuak egiten daukagun 42 urteko esperientzia jarriko genuen beraien eskura, maskarillak ere erabilera bakarrerako produktuak direlako; eta guk dauzkagun anbiente kontrolatuko gelak ere baliatuko genituen horretarako».

Baina beste zerbait ere falta zuen Oiarso Bexen Medicalek, produkzioari ekiteko: maskarak egiteko makina. Mondragon korporazioko beste enpresa batek, Mondragon Assemblyk, horrelakoak ekoizten dituenez Txinan, haiekin batera prestatu zuten erantzunezko proposamena: lau makina egitea, bat Espainiako Defentsa Ministerioarentzat, eta beste hiru Oiarso Bexen Medicalentzat. Horiek dira ostiraleko hegaldian militar espainiarrek hurbildu dituztenak.

Hernaniko enpresak azaldu duenez, osasungintzan erabiltzeko maskarak izango dira, kirurgikoak eta geruza daramatzatenak, 2R motakoak: "Babes handiena eskaintzen dutenak». Horiek ekoizten hiru errelebotan aritzeko asmoa dute eta hogei langile berri kontratatzekoa ere bai. Tartean, Espainiako Osasun Ministerioak produktu hori ekoizteko behin-behineko baimena bideratu dio, medikuntzako gai asko fabrikatu arren Bexen ez baita aritu zehazki maskaren produkzioan. Ondo bidean, eta dagoeneko Espainiako Gobernuarentzako sei hilabetean 60 milioi maskara ekoizteko eskaria daukatenez, hiru makina gehiago ensanblatuko dituzte Txinan, hauek ere Mondragon Assemblyrekin elkarlanean.