argia.eus
INPRIMATU
Hernani eta Urnietako gazteen aurkako epaiketa: 6 akusatuk epaiaren zain jarraitzen dute
  • Atzo amaitu zen Hernani eta Urnietako hamar gazteen aurkako epaiketa. Lau absolbitu egin dituzte, eta gainerako seiak epaiaren zain daude. Pasa den ostiralean fiskaltzak bere ondorioak azaldu zituen: lau gazteren aurkako akusazioa erretiratu zuen, eta beste sei gazteentzako seina urteko kartzela zigorrak eskatu zituen.

2012ko urriaren 02a

Atzo defentsaren abokatuek sei gazte horientzako ere absoluzioa eskatu zuten. Gogorarazi zuten gazteek ez zutela polizia-deklarazioa Baltasar Garzon epailearen aurrean berretsi.

Polizia eta defentsaren lekukoek hartu zuten hitza aurreko astean. Poliziek jazarpenen, etxeetan eta zenbait lokaletan egindako miaketen eta inkomunikazio garaiaren inguruan hitz egin zuten. Baina ezin izan zuten ziurtatu gazteak kale borroka ekintzatan parte hartu dutenik, ezta Segiko kideak direnik ere. Defentsaren lekukoek auzipetuen errugabetasuna azpimarratu zuten.

Epaiketak iraun dituen bederatzi egunen ostean Angela Murillo epailea lehendakari duen epaimahaiak izango du azken hitza. Erabakiaren berri emateko epe zehatzik ez dago.