“Berreskuratu dezagun gure baliabideen kontrola!”. Esaldi horrekin aldarrikatu eta laburbildu dute Hernani Burujabe-ren oinarria. Ostiralean aurkeztu dute egitasmoa Hernanin, ekonomia desmerkantilizatu baterantz eta demokrazia sakonagorantz egiteko helburuz.
Hernaniarrek hain maitea duten Mendirik-mendi aireak hartu du Atsegindegi plaza ostiralean, saxofoi parearen doinuek lagunduta. Aurkeztuko dutena garrantzitsua bezain sakona den seinale. Hernani Burujabe deitu diote ekimenari, baina finantzan, energian edo beste arlo batzuetan burujabeago izatetik harago doa kontua. Naturaren ustiaketa larriaren eta jendarteko desoreka gero eta handiagoen aurrean, herritarren beharrei maila lokaletik “herri gisa” erantzuteko abiatu da, sustatzaileen esanetan.
Hernaniko Udala egitasmoaren parte da, baina Xabier Lertxundi alkateak aurkezpenean argitu duenez, oinarri zabalagoa du: “Hau ez da udal proiektua soilik, gu hor egongo gara noski dagokigun ardurarekin, baina hau herri proiektu bat da”. Herriko merkatariak, ekoizleak eta ekonomia eraldatzailean dabiltzan eragileak daude buru-belarri sartuta. Ekitaldian, horietako bakoitzaren lekukotasuna entzun ahal izan dute Atsegindegira bertaraturiko dozenaka herritarrek, zertzelada gisara.
Adibidez, Hernanin hamar baserri ingurutan bizi dira lurra lantzetik, eta haietako batek, Kontxi Zubiondok gogorarazi duen bezala herriko “paisaia eta nortasunari lotuta” jarraitzeko funtsezko ekoizleak dira. Beraiekin elkarlanean ari da Herrilur kontsumo elkartea, “bakarka baino kolektiboki” elikadura burujabetza sustatu nahian. Hain zuzen, norbanakotik kolektiborako jauzi hori egin beharra nabarmendu du Lertxundik berak, gobernantza ereduez hitz egiterakoan.
Energia ekoizpena eta dirua, pertsonen zerbitzura
Sarritan lauso ikusten ditugun hitz potoloen atzean, Hernani Burujabe-k proiektu konkretuak biltzen ditu, eta hori da egitasmoaren indar guneetako bat. Energiaren arloan, berriztagarrien komunitate bat sortzen ari dira, ekoizpena nahiz autokontsumo partekatua sustatzeko eta, besteak beste, espekulazioari aurre egiteko herritarren kooperatiba bat. Urtebete daramate horretan eta 250 bazkide egiteko erronka dute, ARGIAri azaldu diotenez. Jadanik badituzte Zubipe futbol zelairako eta Ereñotzuko frontoi estalirako proiektu teknikoak eginda.
Ekhilur izeneko txanpona ere martxan jartzekotan dira Hernanin. Udalaren, saltokien eta herritarren artean osatutako finantza zirkuitu itxi baten bidez, sortzen den aberastasuna herrian bertan geratu dadin sortu dute. Ordainketa sistema digital horren erabiltzaileek hainbat deskontu eta abantaila izango dute eta, bidenabar, tokiko ekonomia sustatzen lagunduko dute. Dirua pertsonen zerbitzura.
Herriko merkataritza da Hernani Burujabe egitasmoaren hanka nagusietako bat. Merkatal gune handiek eta internet bidezko salmentak ekarritako aldaketen aurrean, ez daude geldirik. Adibidez Hernanin.eus izeneko erakusleiho digital irekia sortu dute eta etxez etxeko banaketa zerbitzua eskaintzen hasi dira. Azken batean, “kaleak jendez eta kolorez betetzea” ezinbesteko zaie garaiotan, Oihane Fernandez merkatariak Hamaika Telebistari adierazi dion gisan.
Zaintza eta bidelaguntza kooperatiba, interneteko zuntz sare publikoa, kudeaketa arduratsua… Bakoitza bere arlotik, denak norabide berean eta helburu berarekin: “Amildegira ekarri gaituen eredu sozioekonomikotik” aldendu eta bidegurutze horretan Hernanin “burujabetzan, demokrazian eta ongizatean sakontzea eta ekonomia desmerkantilizatzea”, proiektuan dabilen Hiritik At kooperatibako kide Mikel Valerok azaldu bezala.
Jardunaldiak urriaren 22 eta 23an
Ostiralekoa abiapuntua baino ez da izan, Eman pausoa eraldaketarantz leloa daraman bide luzean. Bi aste barru, urriaren 22 eta 23an jardunaldiak antolatu dituzte Hernaniko Iturola elkarlan sorgunean, oraingoz martxan diren proiektuak hobekiago ezagutu, herritarren artean eztabaidatu eta sor litezkeen korapiloak askatzen saiatzeko.
Urriaren 23an goiz osoko lan-tailerrak egingo dituzte, baina horren aurretik, urriaren 22an hitzaldia antolatu dute OMAL Latinoamerikako Multinazionalen Behategiko kide Gorka Martijarekin eta Amaia Pérez Orozco ekonomia feministan adituarekin.