Urkulluk eta Melgosak banatu dute René Cassin 2023 saria, eta heriotza zigorra indargabetzeko egindako lana aitortu dute. ICDPko presidente Navi Pillayk adierazi du aitorpenak “indar handiagoa” ematen diela heriotza zigorra mantentzen duten gobernuekin “eztabaidatzen jarraitzeko”.
Heriotza Zigorraren Aurkako Nazioarteko Batzordeak (ICDP) jaso du René Cassin 2023 saria. Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak Gasteizko Villa Suso Jauregian egindako ekitaldian eman diote saria Haurren aurkako Indarkeriaren inguruko NBEko idazkari nagusiaren ordezkari berezia izandako Marta Santos Pais komisarioari.
Mundu osoan heriotza-zigorra indargabetzeko egindako lanagatik saritu du Eusko Jaurlaritzak CIPM: "Sentsibilizazioaren, ikerketaren, politiken sustapenaren, Estatuentzako laguntza teknikoaren eta Nazio Batuekin batera egindako jardunaren bidez, ICDPk gogor lan egiten du exekuzioak prebenitzeko, jokabide bidegabeak eta arbitrarioak ezabatzeko, heriotza-zigorraren alternatibak proposatzeko eta sistema penal bidezkoagoak eta humanitarioagoak sustatzeko".
Nazio Batuen Goi Komisario ohi eta ICDPko presidente Navi Pillayk adierazi du ekinean jarraituko dutela: “Aitorpen hau jasotzeak indar handiagoa emango digu mundu osoko gobernu-agintariekin eztabaidatzen jarraitzeko, batez ere heriotza-zigorrari oraindik eusten dioten gobernuekin, heriotza-zigorrik gabeko mundu bat lortzeko azken helburuarekin”.
Urkulluk nabarmendu du oso garrantzitsua dela “mehatxupean” dagoen mundu batean giza eskubideak defendatzea: "Geure egiten ditugu duela 20 urtetik René Cassin saria jaso duten pertsonek eta erakundeek ordezkatzen dituzten balio humanistak. Geure egiten ditugu Heriotza Zigorraren aurkako Nazioarteko Batzordearen lana gidatzen duten printzipioak”. Lehendakariak nabarmendu du sariak “Euskadik giza eskubideekin eta bizitzaren duintasunarekin duen konpromisoa” sinbolizatzen duela.