Komala alderdiak Irango Gobernuaren akusazioa ezeztatu du, eta adierazi du manifestariak “erreprimitzeko eta isilarazteko” saiakera dela.
Teherango auzitegi batek heriotza zigorra ezarri die lau preso politiko kurduri, ustez Israelekin lotura izateagatik, Hengaw giza eskubideen aldeko erakundeak salatu duenez. Akusatuak Irango Kurdistango Komala alderdiko kide Mohsen Mazloum, Mohammad Faramarzi, Wafa Azarbar eta Pejman Fatehi dira.
Irango Gobernuak lau presoei egotzi die leherketa bat eragiten saiatzea Isfahango industriagunean 2022ko uztailean, Medyanewsek jaso duenez. Komala alderdiak, ordea, akusazioa ezeztatu du, eta adierazi du gobernuaren saiakera dela manifestariak “erreprimitzeko eta isilarazteko”.
Atxilotuen familiei ez zaie jakinarazi presoak non eta nola dauden. Hengaw erakundeak azpimarratu du lau presoak hiltzeko “arrisku larria” dutela, eta “abusu fisiko eta psikologikoak” jasan dituztela, “akusatu politiko gisa dagozkien eskubideak” kontuan hartu gabe. Halaber, erakundeak jakinarazi du Irango gobernuko erakundeek presioa egin dietela atxilotuen familiei, eta esaterako, Pejman Fatehi presoaren ama torturatzera iritsi direla.