argia.eus
INPRIMATU
Heriotza on, ondo bizitzeko
  • Eutanasia legalizatua Espainiako Estatuan? Europan eta Amerikan diren aurrekariez adituen lekukotasun baikorrak entzuten dira han-hemenka. Belgikan, beste leku askotan bezala, eutanasia isilean praktikatzen zen, ilegala zenean eriei galdetzeko ere beldur zelako.

Anuntxi Arana 2018ko ekainaren 29a
"Eutanasia lasai bizitzeko tresna izan daitekeela adierazi du bere bizitzan hirugarren aldiz eritasun larriari aurre egiten dion emazte batek".

Oso bestelakoa da orain. Liejako “Kontsulta etikarako zentro” batean ari diren profesionalek diote, haiengana hurbiltzen diren eriak beldur direla serioski hartuak ez izateko,  ez batere heriotzaz hitz egiteko, hori baizik ez baitute desiratzen, eta lasaitu handia etortzen zaiela beren eskaera onginahiz tratatua dela ikusitakoan. Hala ez gertatzekotan, medikuek badakite ez dela aurrera jo behar, zentrora heldu diren batzuek zaintza aringarriak bilatzen dituztelako, finean.

Eutanasia eskaera onartzeko baldintzak zehatz eta zorrotzak dira: eritasun senda ezina, sufrikario jabal ezina eta eskaera errepikatua. Kinka horietan dagoenari laguntza eskaintzen diote eta, behin eta berriz egiten diren elkarrizketetan argi azaltzen denean eskaera ez dela kanpo presioen ondorioa,  eriak eta medikuek ikusten badute eutanasia dela zentzuzko irtenbide bakarra, orduan gauzatzen dute.

Jendeak masiboki akabatzeko baimena bailitzan begiesten dute eutanasia, praktikatzen dutenek beren interesen arabera edo segurantza sozialaren gastuak gutxitzeko helburua balute bezala

Orain dela lauzpabost urte Baionako ospitaleko mediku baten auziaren inguruan sortu zuten asaldadura giroan, kalean ikusten genituen apez itxurako gazteak eutanasiaren aurkako sinadurak biltzen. Haietarik bati norbaitek erantzun zion holako medikua nahi lukeela bere alboan gaizki paratzen den orduan; eta besteak harriturik egin zuen: “Baina osasun ona duzu…”. Buruargia halakoa… Jendeak masiboki akabatzeko baimena bailitzan begiesten dute eutanasia, praktikatzen dutenek beren interesen arabera edo segurantza sozialaren gastuak gutxitzeko helburua balute bezala. Antzeko argudioak darabiltzate Frantziako agintariek, bertako errealitate tristea delarik bizi nahi dutenak beranduegi eta gaizki artatuak direla gero eta maizago; berrikitan hola hil dira batzuk, eta zantzuak badira osasun zerbitzuek jasaten dituzten murrizketengatik izan dela.

Eutanasia lasai bizitzeko tresna izan daitekeela adierazi du bere bizitzan hirugarren aldiz eritasun larriari aurre egiten dion emazte batek. “Gauza bat esan nahi nuke, garrantzi handikoa. Lehen aldiz eri izan nintzenean 19 urte nituen, eta bi hilabetez kimioterapia jasan ondoan ezin bainintzen gehiago, aitari eskatu nion guztia geldiaraz zezakeen mediku batekin harremanetan jar nezan. Harekin mintzatu nintzen telefonoz eta esan zidan: ‘Zure historiala ezagutzen dut, eta ongi aterako zara; baina gauzak gaizkituz badoaz, zure ondoan izango nauzu’. Eta begira, heriotza-agintze horrek atxikiarazi eta bizitzeko ahala eman zidan”.

 Anuntxi Arana.
Antropologoa.